GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri harresia eraikitzeko lanean jarraitu behar dela nabarmendu dute

Donostiako Aske Gunean aurrerapausoa eman zen arren, benetako herri harresia eraikitzeko lan egin behar dela nabarmendu zuen atzo Iruñean Eleak mugimenduak. Datozen asteotan espetxeratze gehiago izateko arriskuaz ohartarazi, eta atxiloketak gelditzera deitu zuen.

p012_f01_148x116.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Beren jarduera politikoarengatik atxilotuak eta auzipetuak izan diren herritarrek agerraldia egin zuten atzo Iruñeko epaitegiaren atarian, astero pairatu behar dituzten neurriak ikusarazteko helburuarekin.

«Gehienak espetxetik pasatu gara, eta epaiketaren zain gaude. Aske geratzeko, neurri desberdinak ezarri zizkiguten: ezin gara estatu espainoletik atera, fidantza oso altuak ordaindu behar izan genituen, eta gehienok, ia guztiok, astero epaitegian sinatu behar dugu», azaldu zuen Itxaso Torregrosak auzipetuen izenean.

Atzo komunikabideak ziren epaitegiaren aurrean, baina gainerakoan, astero-astero neurri hori bete behar dutela ikusarazi nahi izan zuten. «Txalogarria da guretzat Donostian egin zen herri harresiaren irudia, baina hau ez da bukatu. Nafarroan 70 pertsonak segitzen dugu epaiketaren zain eta Euskal Herrian orotara 200dik gora lagun dira. Espetxeratuak izateko arriskuan gaude eta gure eguneroko bizitza baldintzatzen dute neurri berezien bitartez», gaineratu zuen Torregrosak.

Mehatxu gehiago

Burlatako bi gazteren kontrako epaia berehala ateratzekoa da, eta datozen asteotan Auzitegi Goren espainolak Iruñerriko bost gazteren kontrako zigorra berretsiko duela espero dute. Guztiak espetxeratuak izateko arriskuan daude.

Gauzak horrela, auzipetuek asanblada ireki bat antolatu dute hilaren 23rako, Iruñeko Txantrea auzoko Kaskallueta elkartean (18.00etan), herri harresia martxan nola jarri aztertzeko. Jendarte osoari egin zioten bertaratzeko gonbita.

Eleak mugimenduaren kide Oihan Ataunek Aske Gunearen balorazio positiboa egin zuen, «baina oraindik ez da nahikoa, eskubide politiko eta zibilen urraketak jarraitzen duelako». Ernesto Praten epaiketa eta Antsoaingo gazte batek asteon izango duena aipatu zituen, datozen asteotan plazaraturiko diren epaien edo web orrien kontrako neurriekin batera.

«Guzti hau gelditu behar dugu eta geldiezina izango den herri harresia eraiki behar dugu; eta horretarako dei berezia egiten diogu jendarteari. Jarduera politikoarengatik auzipetuak izan diren pertsonak eskubide hau bermatua izatea da izan behar dugun helburua, inolako trabarik gabe politikagintzan aritu ahal izatea», gaineratu zuen Ataunek.

Ildo honetan, jarduera politikoagatik espetxeratze gehiago ez izatea beharrezkoa dela nabarmendu zuen Eleak mugimenduko kideak.

sinatzera

Astero epaitegietara sinatzera joatera behartuta dauden euskal herritar ugari daudela ikusarazi zuten atzo, Iruñean. Beste neurri batzuk ere jasan behar dituzte; fidantzen ordainketa eta Estatu espainoletik ateratzeko debekua, besteak beste.

eider zuriarrain

Eider Zuriarrain askatzeko 40 lagun inguru elkartu ziren atzo Sondikako ikastolan. Joan den ostiralean atxilotu zuen Ertzaintzak Zuriarrain ikastolatik ateratzen zenean, lan egin ondoren, kartzela zigorra betearazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo