GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Balkoiz balkoi

Kostako zaio kostari izan zena berriro izatea. Are gehiago euskal kostari, kostarik ez duen gobernuak agintzen baitu kosta guztietan. Baina kosta saiatu egingo da, enbata eta guztiz, natur legeaz berea dena berreskuratzen, kosta ahala kosta. Tira harira! jelkideek Gipuzkoan zaborra gaika batzeko duten sistema berrira!. Balkoiz Balkoi. Zaborra batu, bai, ez bildu, badaezpada ere, hatsik sortu ez dadin, edo hobeto, hatsik izan ez dadin. Ene, ene, gero eta aditz gutxiago du batzuen hiztegiak. Ez nau harritzen orduko hartan batzoki deitu izanak, biltoki deitu izan balute!. Horra, zaborra!. Arrazoia bai gero aspaldian batek esana, zaborraren munduan garbiena zaborra bera!. Bada bai, balkoiz balkoikoa ei da batzuen Ikerketa+Garapena+berrikuntzak emandako emaitza, emaitza horren hondakina zein koloretako ontzian sartuko duten zehaztu ez arren. Izan ere, sistema berriko esku-liburu mardulaz janzteko oraindik behar beste beta hartu ez badut ere, hamaika zalantza korapilatu zaizkit.

Zelan da posible balkoian gaikako bilketa, barkatu, batuketa egin balkoian poltsa bakarra izanda? Poltsa bat besterik ez delako esaten diote horri batu? Ala nano-konpartimentuak ote ditu barruan poltsak, ministroen paper-zorroek izan bezala? Ala kolore desberdinetako zaborrontziak jartzekotan dira balkoian bigarren fase batean? Eta batuaren bilketa zelan egingo dute? Helikopteroz ote? Garabiaz akaso? Ala zuzenean grabitatez, poltsari barrukoz kanpora eginez? Ez al die ardura Meteosaten irudiak mundura webguneko atariz atari zabaltzeak? Ez al da inposizioa zaborra balkoira atera behar izatea?. Galdera larregi. Burua nahastuta daukat, nahaspilatuta, mordoiloz betea. Hortaz, izena aldatzea ere pentsatu dut, eta Julen Mordoilo ipini, zaborren kontuan sikiera izena eta izana bat etorri daitezen. Ez da gutxi!.

Nafarroara ere zabaldu dute jelkideek sistema berriak emana. Hango ospitaleetara behinik behin. Denetarik ikusi daiteke balkoi haietan: txis- tor-sortak, hiriburuko txorizoa, berakatz-txirikordak... eta, jakina, poltsa urdina, den-dena eskegian. Badakizu, poltsa ala hil. Ez nau harritzen Lakuako Gobernuak kanpaina berria abiatu izanak, Renobe, diru-partida gehiena balkoietara zuzenduta. Halabeharrez. Errauste-planta eta guztiz bertan, alkate ohi batzuek puruak lasai erretzeko. Poltsa arteko keak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo