GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

BERRIA | Idurre Eskisabel, 2013/5/7

Ai, ama

Atez atekoak baino kalapita handiagoak pizten dituela kontuan izanik, zingira lohitsuetan barneratzera noa, baina Athleticeko mutil bikainen balentriaren ondoren ezin amatasuna aipatu gabe mihiari eutsi. Honezkero mundu osoan jakina den bezala, sekulakoa egin dute lehoiek: amaren abizenarekin jokatu. (...) Amaren Eguna baitzen -Hego Euskal Herrian bederen-, eta ama, bakarra eta maitea, eta omenaldia egin nahi... Eta hori txalo zaparrada eta onespen uholdea jaso dutena: berdintasunaren banderari izendatuak izaterainokoa.

Baina zer naizen itsua: keinu eder horretan parekidetasunaren aldeko ekarpenaren ordez emakumearen ama rol tradizional eta estuaren hauspotzea besterik ikusteko gai ez. Corteingles kutsuaren lekuan tankera alternatiboa ezarriagatik kezkatu egiten bainau Amaren Egunaren azkenaldiko indartzeak; are, pentsamendu berritzailez mozorrotuagatik emakumeon nortasun eta bizipenak amatasunaren inguruan ardazteko joera murriztailearen inbasioak. Ama izan edo ez, andrazkoak ama baino askoz ere gauza gehiago baikara. Adibidez, Athleticeko jokalariak. Ea noiz ikusten ditugun lehoi jator horiek, pankarta bati helduta, Ligan bigarren geratu berri diren taldeko neska apartentzat lan baldintza berak eskatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo