Txillardegiren egunkari agortezina ezagutarazi nahian
Ezinezkoa da Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» ordu eta erdian ezagutzea, baina Literaktum jardunaldietan, Fito Rodriguezek gidatutako ibilbide literario baten bitartez, bere obran garrantzizko izan ziren zenbait txoko eta istorio ezagutzeko parada izan zen Donostian.
Ane ARRUTI
«Lehenengo garaiko hiru nobelatan Txillardegi bera da protagonista, izena badu ere Leturia, Peru edo Elsa», esan zuen atzo Fito Rodriguezek, eta antiguarrari omenaldi txiki moduan eta jorratu eta ikertu zituen arloetatik zenbait zertzelada ezagutzeko, “Txillardegiren egunkari ezkutua” ibilbide literarioa egin zuten eguerdian, egunotan ospatzen den Literaktum jaialdiaren barruan. Bertan izan ziren idazlearen alarguna, Jone Forcada, eta baita bi seme-alaba eta biloba bat ere, hiriko zein inguruko hainbat euskaltzalerekin batera.
Alderdi Ederren hasi zen ibilbidea –bertako liburutegiko bazkide eta ikerlari izan zen Txillardegi (1929ko irailaren 27a - 2012ko urtarrilaren 14a)–, eta handik Gipuzkoako Diputaziora, Victoria Eugenia antzokira, Ikatz kaleko Arrano elkartera eta bizitoki izan zuen Lasala plazara egin zen txangoa.
Saiakeragilea, hizkuntzalaria, dialektologoa, fonetista, soziolinguista, glotopolitikan ere aditua, eredu alderatuen bila ibili zena bai fonologian eta bai zuzenbidean... Bere literatura aztertzea helburu izanagatik, ia ezinezko dira arlo hauek guztiak ez aipatzea eta denerako izan zen tartea. «Fikzioaren alorrean, sortzailea izan zen. Esango nuke ‘Leturiaren egunkari ezkutua’-tik aurrera ahalegindu zela bilatzen, hautatzen bizitza osoan. Eta idazlea zen oroz gain, baina idazkeraren bidez pentsatu eta hizkuntza gogoeta gai harturik, gogamena hizkuntzan oinarrituta», aipatu zuen Rodriguezek.
Horrela, “Leturiaren egunkari ezkutua”-n kezka eta hautatu beharra azaltzen direla zehaztu zuen Rodriguezek, “Peru Leartzako”-n kontzientzia hartu behar izatea eta “Elsa Scheelen”-en, «emakumea daukagu lehen aldian gure literaturan halako kontzientzia egoera moldetan». “Haizeaz bestaldetik” bere ibilbidean «ardatz» izan zela uste du Rodriguezek, eta hortik aurrera saiakeragintzan eta hizkuntzaren inguruan murgildu zen bete-betean, «nobela estrukturalistekin».
Euskara batuaren eskaera
Hizkuntzaren corpusari eskainitako lanak gogoratzeko, Diputazioko Urkijo liburutegian egin zuten bigarren geldialdia. Gaur egun gutxitan izaten da bertara sartzeko aukera, baina Txillardegik 1950etik aurrera euskarazko klaseak eman zituen tokia da. Bertan idatzi zuen 1956an “Karta idigia”, Euskaltzaindiari euskara batuaren aldarrikapena eginaz zuzendu ziona eta atzo Miren Legorburuk irakurri zuena, nahiz eta Rodriguezek berak esan bezala, Txillardegi «Euskaltzaindiak maite ez zuena izan, nahiz eta berak euskara maite».
«Euskara garbia ez zaigu axolik, bizia baizik –idatzi zuen Txillardegik–. Hizkuntza bizietan ez dago garbikeririk, hain zuzen ere, erdaldunek sortu zuten euskara garbiaren mitoa». Egin dezakegunaz pentsatu eta egin ezin denaz ahaztu beharraz jarraitzen zuen karta honetan. Eta horien artean aipatzen zuen euskara «gaitu, batu eta osatu» beharra, eta horretarako, «norbere aldetik euskara ahalik eta sakonean ikasi».
Gogoratu behar da Txillardegi 17-18 urterekin hasi zela euskara ikasten. Gurasoak euskaldunak zituen, baina ez abertzaleak, eta atzoko ibilbidean ikusteko aukera izan zen bideo batean berak azaltzen zuen moduan, gerra garaian etxean euskaraz egiteari utzi zioten eta bere kasa ikasi zuen gero.
Hirugarren geldialdia Victoria Eugenia antzokian egin zen, hil ondoren omenaldi politikoa eta literarioa jaso zuen lekuan, eta handik Arrano Beltza elkartera abiatu ziren, hizkuntzaren estatusaren alde egindako borrokak ezagutzeko. Hezkuntza eta hizkuntza bateratu eta politizatzeko beharra aldarrikatu zuen Txillardegik.
Amaiera, Lasala plazako lehoiaren ondoan egin zuten ibiltariek, Donostia zaharraren ikur horri buruz ere idatzi baitzuen antiguarrak 1956an, norberaren historia ezagutzeari ematen diogun garrantzi hutsala salatuz.