GARA > Idatzia > Kultura

NARRATIBA

Zorionagatik

 

p051_f02.jpg

Ainara MAIA

Errealitatea eta ametsa nahasten dira, baina garrantzitsuenak (ez)lekuak dira, pertsona edo norbera dagoen lekua, jendea dagoen ez-lekua. Hura ez da lekua, baina hau bai.

Poesia eta narrazioa nahasten dira liburuan, ez da olerki-liburu bat, ez da eleberri bat, ez da album ilustratu bat, ez da musika; baina horiek ere badira. Metrokoadroka kolektiboaren barnean sortutako proiektu diziplinartekoa da liburu-CD hau, eta egitasmo honen protagonista sonbreirudun bat da, antzerki-ikuskizun batean ere hezur-haragitua izan dena.

Proiektu hau, hitzaurrean jartzen duen bezala, Korrika Kulturalerako prestatu zuen lagunarteko talde sortzaile eta emankor honek, eta norbere zirku intimoan oinarritzen da istorioa; norbere zirku intimoa da lekua. Eurek idazten duten bezala, lekua ni naiz nire bizitzaren lekukoa naizelako.

Liburua zortzi ataletan zatiturik dago, tarteka CDko zortzi doinu bakoitza banan-banan entzuteko gomendioa egiten digute sortzaileek. Bizitza badoa, bizitza salgai dagoela esaten digu liburuko protagonista sonbreirudunak; gaur bizirik nagoela idatzi dut, bizitza titularrik gabeko albiste bat delako!

Non nago? galderaren bitartez liburuaren hasieratik harrapaturik gelditu naiz eta CDko musika eta grabazioekin liluraturik. Erantzuten saiatzen ari naiz, eta hemen nago. Egia da pisutsuegia dela maite duzun norbaitek desagertzean uzten duen airea, batez ere haren azkeneko agindu-hitza «izan zoriontsu» izan zenean, zorionaren giltzaren bila nabil geroztik. Norbere buruari «non nago?» galdetu eta idatziz erantzuten saiatzen da sortzailea, marrazkiekin lagunduz letren herrena. Baina nola marraztu isiltasuna? Nola marrazten da aurpegi zoriontsu bat?

Edonon ezartzen dudala neure burua, haiek dira naizena. Ez dakit nondik jo, ideia mordoa irakurri, ikusi eta entzun dut liburuan zehar, eta halere horregatik ez dakit nondik tira; abiatzeko habia bat da nolanahi ere liburua, sortzen segitzeko proposamena edo gonbita.

Non nago? kalean, autobusean, parkean, eta zoriontsu izateko aholkuak, zoriona salgai dagoela irakurri dut, liburu osoan zehar zoriona zer den esaten didate eta bizitzeko esaten, arriskuak hartzeko zorionagatik. Hargatik. Amestu zoriontsu izateko. Sortu ez dakit, baina idatzi zorionagatik. Zer da ametsa, zer errealitatea? Zer da egia? Naizena? Izango naizena? Izan nahi genuena? Nahi dugun antzik ez dugu eta izan nahi duguna izateko garaiz gaude. Haizearen kontra nekez egin daiteke, eta bizitzak min ematen dit; kalekume batentzat ez dago jendea begiratzea baino natura iradokitzaileagorik. Aurpegi guztiak desberdinak gara, baina izan daiteke zoriontsua ezer adierazten ez duena? Aurpegia ezabatu duena, gizon sonbreirudun maletadun zorion-saltzailearen gisa?

Gauza absurduen gaineko multzoketa bat besterik ez da liburua, udazkenean gorria, udaberrian urdina eta berdea urte osoan. Isiluneak pentsarazteko. Zoriontsu izan, madarikatua! Bizi, laostia, bizi! Eguzkia urdindu eta zoriona kaiolatu. Etxera bueltatu, norbere zirku intimora, zoriona ez baita existitzen; zoriona salbuespen katea da.

Zoriona ez dago salgai! ezertarako balio ez duten gauzak saltzen ditu gizon maletadun eta sonbreirudunak ezertarako balio ez duten gauzak behar ditugulako: elkartasuna, maitasuna, pintatzen ez duten boligrafoak, poemak, kantak, koadroak... pertsona zoriontsuak! Zoriontsu izateko ur beroa, kafea eta komuneko papera behar ditugu, eta agian baita Tom Waits eta noizbehinka beste baten zaporea dastatzea ere. Leku bat da liburua salgai ez dauden gauza bakarrak erosteko, lagunak, lagunok, lagunik, lagunuk!

Zoriona ez zaizu «egunonka» edo «onegunka» ate joka joango liburu-saltzaile sonbreirudunen gisa. Zoriona ez dago salgai! Zoriona zure esku dago!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo