GARA > Idatzia > Kultura

NARRATIBA

Literatura «kale gorrian» jarriko du hiru egunez aurtengo Larrabetzuko Literaturiak

Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra ospatuko da aurtengo Literaturia. Ohi bezala, liburu aurkezpenez gain, antzerkia, musika eta mahai-inguruak izango dira Larrabetzun.


GARA | BILBO

Literatura bere forma guztietan gozatzeko aukera izango da beste behin Larrabetzun maiatzaren azkenean abiatuko den Literaturia jaialdian. «Kale gorrian» izango du aurtengo leloa, eta ostiralean emango diote hasiera, 19.00etan,«Publikoari gorroto» antzezlanarekin, eta gauean, Nafarroako Goienetxe anaiak taldearen emanaldia izango da.

Larunbatean, irakurle talde ezberdinak bilduko dira idazleak bertan direlarik. Han izango dira Lourdes Oñederra, Miren Agur Meabe, Mariasun Landa, Garazi Goia eta Mikel Taberna. Zenbait libururen aurkezpenaren ondotik bazkaria izango da.

Arratsaldean, «Hormako paper horia» irakurraldia egingo da. Umeei zuzendutako ipuin kontaketa izango da gero, Josu Kamararen eskutik, eta «Elkartasun basatia» errezitaldia, berriz, 18.30ean hasiko da. Gauez, «Ez haut abandonatuko» ikuskizuna eskainiko dute Bide Ertzean taldeak, Jon Benitok eta Anarik.

Igandean, egungo itzulpengintzaren erronkei buruz solasaldia izango da goizean eta arratsaldean emanaldi bikoitza egongo da. Baxuko taldearen errezitaldia batetik, eta ondoren Josu Bergara eta Pau Alabajos bakarlariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo