GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Tyler Wright irabazle Brasilen eta WCT-ko mutilak oraindik lehian

p046_f03.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA | Brasil

Egun hauetan Brasilgo olatuetan izan dira lehian WCT mailako lehiakideak. Nesken kategorian Tyler Wright australiarra izan da garaile, eta mutilen kasuan berriz, aste honetan jakingo da irabazlearen izena.

Mutilen kasuan, aurtengo itzulia hamar probek osatzen dute eta Brasilgoa zirkuituko hirugarren proba da. Nesken kasuan berriz, guztira zazpi txapelketa egin behar dituzte aurten, eta Brasilgoa itzuliko bosgarren proba izan da.

Maiatzaren 9an hasi zuten txapelketa Barra Da Tijukako urautsian, eta mutilen lehen txandak egin zituzten bi metroko olatuetan. Olatuak oso azkarrak ziren, baina lehiakideak oso ongi moldatu ziren, eta ikuskizun ederra izan zen. Tubo asko ikusi ahal izan ziren itsasbeheran borobiltzen ziren eskuin olatuetan eta ikusleekin batera lehiakideek ere gozatu zuten.

Egun Kelly Slater da ranking orokorreko buru eta txapelketa honetan izan zezakeen lehiakide gogorrenetako bat gainetik kendu du. Izan ere, John John Florencek, iaz proba hau irabazi zuen lehiakideak, istripu bat izan zuen txapelketa aitzin, eta lehiatzen uzten ez dion lesio bat egin zuen. Harekin batera, zauri baten ondorioz parte hartu ezin izan duen beste lehiakidea Tiago Pires portugaldarra da.

Larunbatean nesken txandak egin zituzten. Pauline Ado hendaiarra fin aritu zen, baina laugarren errondan Bianca Buitendag hegoafrikarrak kaleratu zuen. Lehia oso gogorra izan zen hurrengo txandetan ere, eta Carissa Moore, zirkuituan buru zihoan lehiakidea finalerdietan kaleratu zuten.

Azkenean, finalean, bi australiar buruz buru, Sally Fitzgibbons eta Tyler Wright. Ez zioten elkarri arnasa hartzen utzi finalak iraun zuen artean, baina azkenean Tyler Wright gazteak irabazi zuen. Garaipen honekin rankingeko lehen postua eskuratu du Tylerrek, izan ere itzuliko lehen txapelketa ere berak irabazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo