Josebe Egia
Plazarik handi eta beteenean
Eszena publikoa izugarri handitu eta zabaldu da; lehen bertatik bertara mintzatu-ikus-entzutea eta hedabideen oihartzuna izaten ziren res publica-ren berri izateko moduak. Orain, aldiz, ziztu bizian berriz berritzeko gaitasuna duten teknologia berrien bidez, oholtza publikoa ez ezik, protagonistak eta publikoa ere handitu eta zabaldu dira. Horrek, sarri, ondoko zalantza eragiten du: jendea gero eta ergelagoa ote da ala gehiagori aditzeak eragiten ote du sentsazio hori? Telebistako lehiaketa entzutetsu batean, adibidez, bertan parte hartzen ari den morroi batek Marta del Castillo aipatu zuen berarentzat txantxa barregarria izango zena egiteko, «haren gorpua baino galduago zaude», zehazki, eta lasai baino lasaiago geratu zen. Sare sozialak sutan jarri dira, eta jende askok, eskandalizatuta, lehiakidea kalera dezatela eskatu du, baina saioaren zuzendaritzak entzungor egin du. Aldiz, saio berean, bilbotar batek ETAren itzulerari buruzko txantxa bat egin, berehala barkamena eskatu, lekuz kanpo egon zela onartu eta zenbait orduren buruan lehiaketatik kanpo zegoen, hainbeste jende mindu izana egotzita. Nola daiteke horren hipokritak, arduragabeak izatea, eta mindu eta kaltetuak horren nabarmen sailkatzea? Terrorismo kontuak ukiezin bihurtu bitartean, genero indarkeriaren inguruan oraindik ere malgutasunik erakustea? Oraindik bizirik dirauen eta biktimaren ingurukoei izugarrizko oinazea eragiten ari zaien kasu horri dagokionez, sentsibilitate izpirik ez erakustea?
Emakumeoi eragiten diguten arazoez hitz egiteko argi dago seriotasuna eta erabateko gaitzespena kolokan daudela oraindik ere, eta, are okerrago, arintasuna gailentzen ari dela. Twitterren, esaterako, harribitxien gune horretan, oraingoan PPko diputatu batek argitu nahi izan du abortuaren aferatik atera gaitzakeen gakoetariko bat, haurdunaldia eteten duten emakumeak ikasketa gutxien dituztenak direla, hain zuzen. Bada, nik erantzungo nioke emakume horri, berak bezain labur, hasteko, ikasteak ez duela adimentsua izatea bermatzen, berak argi utzi bezala; ondoren, ikasketarik ez izateak ez duela zerikusirik istripuak jasateko aukerak izatearekin, ezta, jantzia izan ala ez, nork bere gorputzarekin nahi duena egiteko eskubidearekin ere; eta, azkenik, esango nioke bere alderdia ezarri nahian dabilen hezkuntza sistema kontuan hartuz gero, datozen hamarkadotan egin beharko diren abortuen zerrendak ez duela bukaerarik izango, ikasketetan gora egiteko aukera pertsona gutxiagok edukitzeaz gain, jasoko duten hezkuntza horren kalitatea, matematika eta gramatika hutsaz harago, alegia, pertsonak balioetan hezteari dagokionez, hutsaren hurrengoa izango delako.
Baliabideei erabilera bat edo beste emateko borondate kontua da. Irudipena daukat ultrakomunikazioaren aro honetan, emakumeok ukitzen gaituzten kontuei dagokienez, batik bat jendarte eredua aldaraz dezaketenak izanez gero, nahasmendua eta ika-mika baino ez eragiteko baliatzen direla, kontrakorako baino. Egun, ahalik eta plaza handi eta beteenean.