GARA > Idatzia > Kultura

Etxenike: «Euskaldunok aztergai izan nahi dugu, baina geroa eraikitzeko eragile ere bai»

Jauzarrea Fundazioaren Atlantiar proiektuaren bigarren sinposioa aurkeztu zuten atzo, «Giza arrastoa Europako ertz atlantikoan. Ehiztari-biltzaileen garaitik gizarte ekoizleen garaira». Pedro Miguel Etxenike irakasleak nabarmendu zuenez, euskaldunok «aztergai» izan nahi dugu, baina «geroa eraikitzeko eragile ere bai». Datorren ostiralean Irungo Ficoban izango den nazioarteko biltzarrean itzal handiko ikertzaileek parte hartuko dute. Izena emateko epea zabalik da.
p049_f01_203x130.jpg

GARA | IRUN

Pedro Miguel Etxenike UPV/EHUko irakaslea eta DIPCko presidentearen hitzetan, «euskaldunok aztergai izan nahi dugu, baina geroa eraikitzeko eragile ere bai, etorkizuna era sortzailean eraikitzeko sustatzaileak behar dugu izan».

Atzo goizean egin zituen adierazpenok, Irungo Ficoba erakustazokan, Jauzarrea Fundazioak bultzatutako Atlantiar proiektuaren bigarren sinposioaren aurkezpen ekitaldian. «Giza arrastoa Europako ertz atlantikoan. Ehiztari-biltzaileen garaitik gizarte ekoizleen garaira» izenburuko biltzarra aurkeztu, eta bertan parte hartuko duten nazioarteko ikertzaileei harrera egin zieten atzo goizean.

Etxenike irakasleak nabarmendu zuenez, «herriarekiko maitasunak gaiak eta arazoak zehaztasun edo rigore zientifikoarekin aztertzea ezinbestekoa du, eta horregatik eskertu nahi diet nazioarteko ikerlariei gure burua, gure jatorria, ezagutzen laguntzea».

«Euskaran eta teknologian oinarrituta behar du egon gure etorkizunak Euskal Herri bezala garatzeko, euskaraz hitz egiten duen herri bat izaten jarraitzeko. Hizkuntza, euskara, nazioaren zaina da, horregatik zaindu egin behar dugu», adierazi zuen.

Etxenikerekin batera, atzoko emanaldian hitza hartu zuten Juan Jose Ibarretxek -EAEko lehendakari ohi eta Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria-, Joan Mari Torrealdaik -soziologo eta Jakin Fundazioko zuzendaria-, eta Xabi Oterok -Jauzarrea Fundazioko zuzendari eta biltzarraren antolatzaileak-.

Ibarretxek oso garrantzitsutzat jo zuen etorkizunari begira herri gisa «marka propioa» izatea,«gure herria munduko plazan jartzeko; bestela jai daukagu». Ildo horretan, nazioarteko ikerlarien lana nabarmendu zuen, «gure herriaren iragana eta etorkizuna plaza horretan jartzeko oso lagungarria baita».

Joan Mari Torrealdaik ere hizkuntzaren garrantzia azpimarratu zuen; haren hitzetan, «helburua da euskarari etorkizuna bermatzea eta iraganari geroa ematea, etorkizuna iragana baino garrantzitsuagoa delako».

Maiatzaren 17an, Ficoban

Xabi Otero antolatzaileak, bere aldetik, Atlantiar proiektuko nazioarteko bigarren biltzar honen helburu nagusiak laburbildu zituen. «Duela 7.000 urte ingurutik, hemengo jendearen eta ekialdetik iritsitako taldeen artean harremanak areagotu ziren, eta horren ondorioz, ideiak eta jakintza trukatu ziren. Galdera interesgarriak sortu dira hizkuntza zelten eta euskaldunen arteko harremanaz; sortu ote zen hizkuntza zelta eremu Atlantikoan? Zabaldu ote zen hizkuntza hori Europa barnerantz eta mendebalderantz, Kobre eta Brontze Aroan? Ingurumenak zer-nolako eragina du gizakiarengan eta gaitasun kognitiboan? Kongresuan galdera hauek eta gehiago eztabaidatuko ditugu ikuspegi anitzetik», adierazi zuen.

Bestalde, biltzarrean parte hartuko duten ikertzaileek Jauzarrea Fundazioak antolatzen duen ekimen honen garrantzia nabarmendu zuten, bereziki, diziplina eta unibertsitate ezberdinetan ari diren adituek elkar ezagutzea eta harreman horren ondorioz ikerketa lan berriei ekitea ahalbidetzen baitu.

Datorren ostiralean, maiatzak 17, Ficobako erakustazokan egingo den biltzarrean ospe handiko nazioarteko ikertzaileek hartuko dute parte. Besteak beste, bertan izango dira Richard Peltier fisikari atmosferikoa -Aldaketa Globalaren Zientziarako Zentroko zuzendaria, Torontoko Unibertsitatea-, Stephen Oppenheimer antropologoa -Oxfordeko Unibertsitatea-, Lionel Sims antropologoa -Londresko Ekialdeko Unibertsitatea-, Mark Pagel biologo ebolutiboa -Readingeko Unibertsitatea-, Peter Bakker hizkuntzalaria -Danimarkako Aarhus Unibertsitatea-, Stig Eliasson hizkuntzalaria -Alemaniako Gutemberg Unibertsitatea-, edota Stephen Augustine etnologo eta Kanadako Mi´Kmaq Kontseiluko buruzagi tradizionala.

Jardunaldian izena emateko epeak zabalik jarraitzen du. Guztira hirurehun lagun biltzea espero dute. Izena eman edo informazio eta xehetasun gehiago nahi izanez gero, honako webgunera jo: www.jauzarrea.com

ETORKIZUNA

Pedro Miguel Etxenikeren hitzetan, euskaldunon etorkizunak «euskaran eta teknologian oinarrituta» egon behar du. «Euskara nazioaren zaina da», nabarmendu zuen irakasleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo