Mikel Mundiñano Larraza | Etxarri 2012+1 ekimenaren izenean
Ariketa demokratikoa
Etxarri 2012 ekimena martxan jarri genuenetik zer ginen, zer garen eta etorkizunean zer izan nahi dugun izan dira gure ekimenen oinarriak. Bide horretatik dator momentu honetan martxan dugun Zer? ekimena.
2013an erabakitzeko eskubidea jarri nahi dugu etxarriarron eskura. Ariketa demokratikoa; benetako demokrazian oinarri izan behar lukeen eskubidea praktikara eraman nahi dugu.
Otsailaren 2an abiatu genuen galdeketa prozesua, udal agintariei erabakitzeko eskubidea bermatzeko eskaera eginez. Etxarri 2012ko kideok zortzi puntutan laburbiltzen ditugu galdeketa prozesu hau martxan jartzeko arrazoiak:
1. Herri bezala daramatzagun 700 urteetan batzarrak izan dira herritarron erabakiak aurrera eramateko guneak; ohiturak erakutsi izan digu herritarrok modu kolektibo batean hartu izan ditugula erabakiak eta bide horretan pausoak ematen jarraitu nahi dugu.
2. Galdeketa iritzi ezberdinen topaleku modura planteatzen dugu. Elkarren arteko errespetuzko jarreretatik abiatu nahi dugu.
3. Guk, Etxarri 2012+1 ekimenak, abiapuntu ireki batetik egiten dugu galdeketaren aldeko apustua, aurretiko inolako posizionamendurik gabe. Iritzi guztiak errespetagarriak eta kontuan hartzekoak direla uste dugu.
4. Gure helburua herritarren artean galdeketa, ariketa demokratiko gisa, aurrera eramatea da.
5. Orain arte burutu ditugun ekitaldien modura hau ere, herritarren arteko harremanak hobetzeko asmotan bultzatu dugu, iritzi guztien errespetuan oinarritzen direlako herritarren arteko harreman zuzenak.
6. Modu natural eta normalizatu batean erakutsi nahi dugu Etxarri Aranazko herriak baduela heldutasun demokratiko nahikorik gai honen inguruan bakoitzak bere iritzia askatasunez emateko.
7. Ikuspegi demokratiko batetik ikusten dugu galdeketaren bidea, ariketari berari eman nahi diogu garrantzia.
8. Benetako demokrazia batek bere dituen balioetan sakondu nahi dugu; hala nola herritarren elkarbizitza, parte hartzea edota herritarren iritzia aintzat hartu.
Bide batez Etxarri Aranazko udal agintariek gehiengo osoz onartutakoa txalotu nahi dugu eta herritarrak zoriondu, Etxarri 2012 ekimena martxan jarri zenetik memoria historikoaren ezagutzan eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenean erakutsitako inplikazio eta babesagatik.
Erabakitzeko eskubidea herritarron esku dago.