Martxel Toledo | ESAITeko koordinatzailea
Eskerrik asko, Joseba
Hain gustukoa zenuen kirola egiten ari zinenean zorigaitzeko istripu batek eraman zaitu gure artetik. Zure senide, lagun eta ingurukoak bizitzen ari diren momentu latz hauetan, gure aldetik bi hitz baino ez, euskal selekzioaren alde eman duzun guztia publikoki eskertzeko.
Goi mailako kirolaria izateaz gain, jendearen aurrean alaia, umila, zintzoa eta langilea izan zara. Asko egin eta eman duzu, sinesten zenuen herriagatik. Ahoan euskara, bihotzean herria eta eskuetan ikurrina hartuta ibili zara leku guztietan, Euskal Herria ahalik eta ondoen ordezkatzen. Eta, besteak beste, horregatik, benetakoa zinelako, maite zintuen eta maite zaitu herriak, bizitza honetan egon ez arren, beti gure artean jarraituko duzulako. Adiorik ez, eskerrik asko, Joseba.