«Alcoyano taldearen helburua Bigarren Maila berreskuratzea da»
Futbol atezaina
Unai Alba atezain gipuzkoarra bere lehen denboraldia ari da betetzen Alcoyano taldean. Hamaikakoan ezinbestekoa da, eta bere lana eta eskarmentua garrantzitsuak izan dira. Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela eskuetan dute, baina hori segurtatzeko igandean irabazi beharra daukate.
Jon LEUNDA
Unai Albak eskarmentu handia dauka futbol munduan. Herriko taldean hasi zen jokatzen, eta gero Eibar, Real Union, Zestoa, Lagun Onak, Barakaldo, Athletic, Hercules eta Orihuela izan dira Alcoyanora iritsi aurreko taldeak. Lehen Mailatik hasi, eta lurraldetako mailetara, denetan jokatu du oiartzuarrak. Aurten Bigarren B Mailan ari da, baina datorren urtean, gutxienez, Bigarren Mailan aritu nahi du.
Nola doa denboraldia?
Pertsonalki ongi, dena jokatzen ari naiz, baina talde moduan nahiko irregularrak izan gara. Hasi gaizki egin ginen, baina gero bolada on bat izan genuen, baina ez ginen gai izan horri eusteko. Orain Bigarren A Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko igandean irabazi beharra daukagu. Kopan, bai, han gauzak ongi joan ziren.
Huts handia izango al litzateke igoera fasea ez jokatzea?
Bai, eta orain gauzak dauzkagun bezala edukita, handiagoa. Jardunaldi bat falta da Liga amaitzeko, eta dena gure esku daukagu. Hori abantaila handia da. Guk irabazten badugu, ez daukagu beste inora begiratu beharrik. Ez bagenu lortuko, huts handia izango litzateke.
Presio handia al daukazue?
Presioa badaukagu, ez dago ukatzerik. Taldea iaz jaitsi zen Bigarren Mailatik, eta leku guztietatik nahi da maila hori berreskuratzea. Zaleak, zuzendaritza, dena dago helburu horren atzetik, beraz, presioa hor dago, baina etorri nintzenean ere banekien non sartzen nintzen, eta ezin gara kexatu.
Kopan Real Madrilen aurka jokatzea ere polita izango zen ezta?
Bai, dudarik gabe. Pena bakarra, etxean 1-4 galdu genuela eta Madrilera inongo aukerarik gabe joan ginela. Hala ere, uste dut taldearentzat dirua sartzeko garrantzitsua izan zela hura, eta pentsatzen dut, gainera, itxura ere nahiko ona eman genuela.
Taldea ekonomikoki nola dago?
Ez dauka inongo arazorik, eta gaur egun futbola dagoen bezala egonda, hori oso garrantzitsua da. Hilabetearen hasieran denok kobratzen dugu, eta lasaitasun handia da hori.
Orihuelan izan ziren arazoak eta gero, dena kobratu al zenuen?
Bai. Egia da denboraldi amaieran federazioak diru arazoak zirela medio taldea mailaz jaitsi zuela, baina gero epaitegietan irabazi eta orain ere Bigarren B Mailan ari da. Kontua ez zen iazkoa izan. Pasa den urtean denok kobratu genuen han, aurreko urteetako kontua izan zen.
Hospitalet eta Huracan Valencia igoera fasea jokatzeko sailkatuta daude. Nolakoak dira ?
Hospitalet doa lehen postuan, beraz, Alavesen aurka jokatu dezake igotzeko lehen kanporaketan. Alde handi samarra atera digu guri. Ez dut uste jokoan horrenbesteko tarterik egon denik, baina jokalari arriskutsuak ditu. Hor sartu bada, merezi duelako izan da. Huracan Valencia, berriz, Valentziako hirugarren taldea da, Valenciaren eta Levanteren atzetik. Bigarren urtez sartu da kanporaketetan. Han zelai txikia dute, eta taldea, berriz, oso borrokalaria da. Irabazten zaila den horietakoa.