Ariane Kamio Kazetaria
Trasteak, orain «revival»-ak
Gurasoen etxea hustu nahian, «revival» saio ugari izan ditut azken egunetan. Armairuak zabaldu, apalak begiratu eta nonahi agertu dira dagoeneko beste gizaldikoenak gisan ikusten ditudan hainbat oroitzapen. Haur txiki biren moduan, ahizparekin lurrean eseri eta argazki zaharrak lehenengo, eta hautsa zerien aldizkari izorratuak ondoren, eskuetan banan-banan «revival» saioak.
90eko hamarkadako «Aiurri» batean inkesta: «Erabiltzen al duzu ordenagailurik?». Erantzuleak, adin orotako herritarrak, gazteenetatik zaharretaraino. Emaitzak ere, halakoxeak, desberdinak erabat. Batek, ikastolan orduan hasiko zirela; eta besteak, tailerrean soilik makinekin lan egiten zutela, baina bulegoetan hasiak zirela dagoeneko lehenengo fakturak ordenagailuz egiten.
Ezagutzen dut inor, ordenagailu aurrean lehenengo aldiz eseri eta sagua mahai gainean mugitu beharrean, pantailari itsatsita kurtsorea mugitu nahian izerditan pats egon izan denik. Kosta zitzaion hari ohartzen saguak eta pantailak ez zeukatela elkar erakartzen zuten imanik, automatikoak zirela bataren zein bestearen mugimenduak.
Idazteko makina batekin izan nuen teknologia berriekin lehenengo harremana, Hernaniko Meca-Rapid-en. Zinta kasetean sartu, belarritakoak jarri eta emakume baten ahotsa besterik ez genuen entzuten udako egun sargori haietan, «irakasleak» mentoldun tabakoa erretzen zuen bitartean. Barra eta carro ikasi genituen, zinez ikasi ere, paperetik kanpo idatzi nahi ez bazenuen behintzat.
Idazteko makina elektrikoa izan zen hurrengo aurrerapena. Erratak ezabatzeko gai zen bertan integratutako Tipp-Ex magiko harekin. Ikaragarria. Eta lehenengo ordenagailua etxeratutakoan, Buscaminas eta Solitarioa. Besterik ez.
Gurasoen etxea hustear eta egun trasteak besterik ez dira orain urte batzuk altxor teknologikotzat genituenak. Orain Watshapp-a da errege, eta alabaren argazkiak bertan jasotzen ditut, ezer errebelatzeko zain egon gabe. Eta ez dugu elkar deitzen, merkeagoa delako. Pena. [@arianekamio]