GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Langileek ez dute izenik

Reshma Begum, hamazazpi egunez hondakinen azpian egon eta bizirik ez ezik nahiko onik ateratzea lortu duen 19 urteko neska, da izena, «nortasuna» edukitzea lortu duen bakarra, 1.127 hildako eta milaka zauritu horien guztien artean

Ahaleginean orduak bota ondoren, amore eman behar izan dut. Langileek ez dute izenik, nonbait. Orwellen burutazio makurrenetara hurbiltzen ari gara, bistan denez.

Orduak eman ditut, bai, Bangladesheko Savar-eko Rana Plazan hildako langileen izenak jakin nahian. Banekien, noski, ezingo nituela denenak kausitu. Horietako askok oraindik identifikatzeke egon behar dute, zirpilduta, erorkinen artean nahasita eta erdi ustelduta jaso dituztelako. Eta, edonola ere, askotxo dira denak zerrendatzeko: 1.127, hau idazten ari naizenean. (Neuk, gaur hamabost, hemen bertan, jasotako hilotzak 400 «besterik» ez zirenean, hildakoen kopurua izugarri haz zitekeela idazten nuen... benetan hausnartzen nuena -500 edo gehiago izango zirela, azkenean- esaten ausartzen ez nintzelako. Lekutan nenbilen). Denak ez, baina izen mordo bat lortzeak erraza izan behar zuela iruditzen zitzaidan, hala ere.

Asmoak ez zuen ezkutuko xederik: Rana Plazako izugarrikeria horri buruz eman den informazioa, nik jaso ahal izan dudana behintzat, putzaren hurrengoa izan denez, gizakion izenak berak usu eman ohi dizkigun argibideak -bakanak baina aski objektiboak: sexua, sinesmen edota kultur nortasuna...- behintzat eskuratu nahi nituen. Izenaz gain, bakoitzaren adina-edo aurkitu ahal banu... Pertsona haietaz zerbait gehixeago jakin nahi nuen, finean, hil eta gero ere bizitan bezain balio gutxi eduki ez zezaten.

Baita zera ere! Gizateriak azken mende hauetan pairatu duen lan «istripu» hilgarrienaren zoritxarreko protagonistak guztiz anonimoak dira nonbait. Ez dut aurkitu hildakoetako inoren izenik (eta aritu naiz Bangladesheko hedabideen webak ere arakatzen, ingelesezko bertsioan bederen...). Arrastorik ere ez. Hondakinen artean desagertuta egon behar zuen senideren baten zain-beilan zegoenen baten hitzak, gehienera. Hor amaitu da gertakariaren biktimei eskaini zaien arreta eta gizalegea (?). Reshma Begum, hamazazpi egunez hondakinen azpian egon eta bizirik ez ezik nahiko onik ateratzea lortu duen 19 urteko neska, da izena, «nortasuna» edukitzea lortu duen bakarra, 1.127 hildako eta milaka zauritu horien guztien artean. Zorionekoa, alafede, neska.

Edonolako biktimen aitorpena haien nortasuna aintzakotzat hartzetik hasten omen da. Horregatik egon ohi dira memoriaren guneak zerrendez estalita. Horregatik, urtero, irailaren 11 iristen denean, New Yorkeko WTCen, banan-banan errezitatu ohi dituzte han hil omen ziren guztien izenak, alfabeto hurrenkeraren arabera. Izana galdu zutenek izena behintzat gal ez dezaten. Baina zer gertatuko da Bangladesheko Savaren, lanean, gu denok apain baina merke janzteko egin behar izaten den lanean, hil diren, hil dituzten 1.127 langile horiekin, izenik ere ez badute? Nor oroituko da haietaz, etxera haiek ekartzen zuten ogi apurrik gabe ere geratu diren gosetuak ez badira? Haien izena dakiten bakanak ez badira?

Ni baino trebeagoren batek, ahaltsuagoren batek egin behar luke zerbait haien izenak biltzeko. Besterik ez bada, kamiseta batean inprimatuta ipintzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo