GARA > Idatzia > Ekonomia

Diputazioek elkarri informazio fiskala ematea proposatu du Gipuzkoak

Gipuzkoako Aldundiak zerga arloko informazioa trukatzeko hitzarmen-proposamena helarazi die Arabako eta Bizkaiko foru gobernuei eta Zerga Koordinaziorako Organoari. Helburuak, datuak partekatzeko bideak hobetzea eta zerga iruzurraren aurkako borroka indartzea.

p022_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

Foru administrazioen jarduna hobetze aldera eta diru sarrerak areagotu nahian, EAEko diputazioek elkarri informazio fiskala emateko hitzarmena sinatzea proposatu du Gipuzkoak. Era berean, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak atzo eginiko agerraldian azaldu zuenez, fiskalitate justuago bateranzko ezinbesteko urratsa da. Ildo horretan, zerga iruzurraren aurkako borroka foru gobernuaren lehentasunetako bat dela berretsi zuen, eta gainerako administrazioen lankidetza eskatu zuen erkidego osoan eredu justuago bat hedatzeko.

Bide horretan, Gipuzkoako Aldundiak atzo igorri zuen proposamen formala Araba eta Bizkaira, baita Zerga Koordinaziorako Organora ere. Hala, akordioa gauzatzeko gainerako diputazioen eta batzar nagusien onarpena eta ekarpenak jasotzeko epea zabalik da.

Hitzarmena adostuz gero, hiru herrialdeen artean datuak trukatzeko sistema egonkor bat ezarri ahal izango da. Ugarteren hitzetan, horrek egun indarrean dauden prozedurak finkatu eta hobetuko ditu. Gainera, zerga iruzurraren aurkako neurri garrantzitsua izango dela nabarmendu zuen, Ogasun departamentu bakoitzak gainerakoen datu baseetan sartzeko aukera izango baitu.

Itunaren bidez, Diputazioak informazio trukerako eta datu baseetarako elkarren sarrerak arautzeko prozedurak eta baldintzak ezarri nahi ditu. Arlo honetan, datu baseetan ageri diren pertsonen eskubideak errespetatu egingo direla nabarmendu zuen Ugartek.

Konpromisoaren erakusle

Behin proposamena aurkeztuta, Gipuzkoako Aldundiak gainerako foru administrazioen aldetik ze jarrera espero duen galdetuta, onartu beharreko proposamena dela adierazi zuen Ugartek. Horrela, Araba eta Bizkaia iruzurraren aurkako borrokarekin konprometituta badaude, hitzarmena onartu beharko luketela uste du. Bestela «iruzurrari bideak zabalik uzten dizkiote», gaineratu zuen.

Gipuzkoako Aldundiaren izenean, arlo horretan lanean jarraitzeko asmoa agertu zuen Ugartek. Izan ere, administrazioaren funtzionamendu egoki baterako, zorpetzea malgutzea bezain garrantzitsutzat jo zuen diru sarrerak bermatzea eta handitzea. Bigarren helburu horretarako, zerga sistema justuago bat, iruzurrerako bidezidorrik ez duena, defendatu zuen.

Diru sarrerak

Administrazioaren funtzionamendu egoki baterako, zorpetzea malgutzea bezain garrantzitsutzat jo zuen diru sarrerak handitzea. Horretarako, zerga sistema justuago bat defendatu zuen Ugartek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo