Foru administrazioek informazioa trukatzea, zerga-iruzurraren aurkako beharrezko neurria
Zerga-iruzurra gizarte osoari eginiko iruzurra da, eta beraz, administrazioek saihestu beharrekoa. Betiere saihestu beharrekoa, jakina, baina krisi garaian haren eragin kaltegarria are nabarmenagoa da eta beraren aurkako jardunaren beharra argiago sumatzen da. Oraindik orain Gipuzkoako Foru Aldundiak borroka hori areagotzeko neurri sorta aurkeztu zuen, hala nola giza baliabide gehiago erabiltzea eta foru arau proiektua. Asmo horren baitan, Gipuzkoako Aldundiak foru administrazioen artean zerga-informazioa trukatzeko hitzarmen baten zirriborroa bidali zien atzo gainerako ogasun eta finantza diputatuei eta Zerga Koordinaziorako Organoko kideei, proposamena azter dezaten. Administrazioen artean zerga-informazioa trukatzea ez da proposamen berria, baina bai beharrezkoa; hortaz, harrigarria gertatzen da oraindik ere horrelako neurririk abiatu ez izana, eta hori bezain harrigarria, batzuk horrelako hitzarmen baten aurka agertzea. Jakina da, bestalde, ez dela mirarizko urratsa eta ez dituela arazo guztiak konponduko, baina tresna baliagarria da, beste neurri batzuekin batera, borroka horretan, eta oro har, zerga sistema bidezkoago baten bidean aurrera egiteko.