«Kristalezko begi bat» nobela izango dute mintzagai Literaktumen
GARA | DONOSTIA
Miren Agur Meaberen txanda izango da gaur Literaktumek antolatu duen egitarauan. Idazleak bere azken nobela, «Kristalezko begi bat» (Susa), izango du mintzagai. Horren inguruan 90 minutuko hitzaldia eskainiko du Donostiako San Jeronimo kaleko liburutegi nagusiko ekitaldi aretoan. Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria izango da aurkezlea eta bertaratutakoen galderak bideratuko ditu.
«Kristalezko begi bat» bananduta dagoen eta idazle egiten den adin ertaineko emakume baten inguruko istorioa da. Lehenengo begiratuan autobiografia bat delako itxura eman badezake ere, Meabek berak azaldu zuen errealitatea eta fikzioa uztartu dituela, eta bere buruan oinarritu dela.