Euskal Herria Palestina sareak «Nakba» gogoratzeko antolatu duen astea hasi da
GARA | BILBO
Euskal Herria-Palestina sareak Nakba (hondamendia) gogorazteko Palestinaren aldeko Elkartasun Astea antolatu du hilaren 19a bitartean, eta egitarauko jarduerak aurkeztu zituzten atzo. Ilian Pape historialari eta Israelgo apartheid erregimenaren aurkako mugimenduaren aitzindariak hasi zuen atzo aste hori Gasteizen. Gainera, Arbizun Sakanako hainbat udalek BDS ekimenari babesa eman zioten (Israelekiko «boikota, desinbertsioa eta zigorrak» adierazten dute siglok).
Gaur Iruñean, UPNAn hitzaldia emango dute John Bennetek (Eskoziako BDS mugimenduko ordezkari eta irakaslea) eta Ilian Papek: «Preso politikoak Palestinan eta Euskal Herrian».
Bihar, Bilbon, Batzar Nagusietan, boikot akademikoari buruzko mintegiaren barruan, apartheid sisteman hezkuntzak duen garrantziaz arituko dira Hector Grad eta Haidar Eid (Al-Aqsa Gazako unibertsitateko irakaslea); boikot akademikoari buruz solastatuko dira Agustin Velloso eta Haidar Eid; eta Europako unibertsitate desberdinetako esperientziak izango dituzte hizpide John Bennetek, Laia Hauriek (UABeko irakaslea), Tom Hickeyk (UCO sindikatukoa) eta Lidon Sorianok. Ostiralean, 10.00etan, tailer bat izango da La Bolsan, Jonh Benneten laguntzarekin, UEUn boikot akademikoa nola gauzatu azaltzeko. Gauean, Kulturakatuj jaialdia izango da Bilborocken, Adarrots, Palestinian Unit eta Maysa Daw taldeekin. Donostian ere hitzaldia eskainiko dute Tom Hickeyk eta Jonh Bennetek, larunbatean, Koldo Mitxelenan.
Maiatzaren 18an Euskal Herria-Palestina Eguna ospatuko dute Elizondon: haurren tailerrak, ekitaldi politikoak, herri bazkaria eta kontzertuak, 10.00etan hasi eta 22.00ak arte.
James Petrasek eta Adel Abou Salemek hitzaldia emango dute.
Fermin Valenzia eta Maysa Daw-ren kantaldiaz gain, Palestinian Unit (Gaza), La Jodedera (EH-Kuba), Kasu (Iruñea) eta Tirry & Tery taldeen kontzertua izango da. Azkenik, maiatzaren 18 eta 19an, Deustuko Pabiloi 6 aretoan «Dile. El Caso de las 7 niñas judias» antzezlana aurkeztuko dute.