GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lana banatzea zentzuzko eta bideragarria da, Nafarroan eta edonon, borondaterik izanez gero

Duela zenbait urte 35 orduko lan astea aldarrikatzen zen, eta hainbat lekutan ezarri ere egin zuten, lana banatzeko neurri gisa. Askotan hitz egin izan da, eta hitz egiten da, lanaren banaketaz; hala ere, hitz egin eta kontsigna hutsean geratzea ez da nahikoa, areago gaur egungo egoera larrian, eta diskurtso ofizialari aurre egiteko zerbait gehiago behar da. Horregatik, oso jakingarria da LAB sindikatuak Nafarroarako aurkeztu berri duen proposamena, datu zehatzetan oinarritua eta lanaren banaketa, hala nola haren finantzaketa nahikoa eta sobera lortzea, posible dela erakusten duena. 35 orduko lan astea, hain zuzen, izango litzateke neurrietako bat, eta besteak, aparteko orduak kentzea, 65 urterekin jubilatzea, aurretiko erretretari eustea eta zerbitzu publikoak garatzea. LABen kalkuluen arabera, Nafarroan hori guztia finantzatzeko 671 milioi euro beharko lirateke, eta hartarako proposatu dituen neurriak abiatuta, bi halako lortuko lirateke. Proposamena zentzuzkoa ez ezik, bideragarria ere bada, borondate politikorik balego, jakina. Eta ez Nafarroan bakarrik, edonon baizik. Lana banatu daiteke, baita ondasuna ere. Eta banatu beharra dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo