Sortzen Ikasbatuazek bertan behera utzi du igandeko jaia eguraldi txarra dela-eta
«Bihotzak aurrera egitera bultzatzen bagaitu ere, buruak ezin dugula esaten digu argi eta garbi». Esaldi horrek laburbiltzen du Sortzen Ikasbatuazek hartu behar izan duen erabakia: iganderako antolatua zuten jai berezia ez egitea eta larunbatekoari eustea.
GARA | IRUÑEA
«Haizeberritu, auzo eta lan» lemarekin bi eguneko jaia prestatua zuen Sortzen Ikasbatuazek asteburu honetarako. Alabaina, batez ere iganderako iragarrita dagoen euriteak erabaki zaila hartzera behartu du elkartea: hainbertzeko ilusioz osatutako egun honetako egitaraua bertan behera uztera. Halere, larunbateko guztia mantenduko du, kontzertuak izan ezik.
Gogoeta-ikasturtea izan dute aurtengoa eta jaia honekin estu lotuta zihoan. Igandean, hain zuzen, pentsatutako euskal eskola publiko berria irudikatzekoak ziren, arlo bakoitzari gune bat eskainiz: euskarari Antoniutti, pedagogia berritzaileari Takonera, heziketa eta integrazioari Vistabella, eta Euskal Curriculumari Basotxoa.
Hemezortzi urte daramate helburu duten eskola aldarrikatzeko jai nazionala antolatzen. Mobilizazio xume gisa jaio zen ekimen honek azken urteotan milaka eta milaka euskaltzale bildu ditu Iruñeko bihotzean, Taconeran. Udaberri garai honetan dimentsio handia hartu du bestak; urtaro nahasi honetan, ordea, eguraldia ez dute beti lagun izan. «Erreñi maskotak Trinitariosen eguzkitarako krema behar izan zuen bitartean Hazitxo Taconerako zaparradan ia ito zitzaigun», deskribatzen dute atzo hedabideetara bidali zuten oharrean. Iazko jaia maiatzaren 20an egin zuten, euri jasari aurre eginez. Egin behar izan zuten esfortzuak, aldiz, elkartea «kinka larrian» utzi zuen.
Egoera hartan, Txantreako Bernat Etxepare eskolaren laguntzaz aurtengo jaia antolatzeari ekin ziotenean, ospakizuna egun batetik asteburu osora zabaldu zuten, alde batetik antolatzaileen espazioan eragiteko, eta bestetik, igandean eguraldi txarra bazen, ekimenak larunbatean leku itxi batean ziurtatzeko. Izan ere, joan den urteko esperientziaren ondotik, besta antolatzeko aurrekontua txikitu egin behar izan zuten eta karpa eta estalkirik gabeko planteamendua osatu.
Planteamendu hori kontuan hartuta, euriak eguna bera kolokan jartzeaz gain, muntaketa lanak oztopatuko lizkieke (soinu ekipoak, elektrizitate sarea eta abarrak ezin dituzte euripean muntatu). «Elkartea ekonomikoki itota dagoenez, ez dugu aurrekontu eta inbertsio handiei aurre egiteko dirurik eta, beraz, ez dugu Taconera bezalako espazio zabala egun euritsu baterako egokitzeko aukerarik», azaltzen dute agirian.
Larunbateko Txantxu Rock musika jaialdia ere bertan behera utzi dute, «azken unean araudi berriak ezarritako baldintzak oso zorrotzak» izan direlako. Arkitekto baten proiektua eta inbertsio handia behar ziren, ezinezko gauza halako elkarte txiki batentzat.
Auzolan erraldoi honetan parte hartu duten kide, norbanako, instituzio, eragile eta kultur talde guztiei bihotz-bihotzez eskerrak emanez bukatzen da idatzia. Mezu baikor batekin: «Lan hori guztia ez da ezerezean geratuko, ikusten ez den onura asko lortu dugu-eta».
Larunbatean, Txantrean, urte hauetan guztietan egin dutena errepasatu eta ospatuko dute Sortzen Ikasbatuazeko kideek, denek batera osatu dutenaren jabe izateko. 10.30ean, Bernat Etxepare eskolatik abiatu eta Txantreako kaleak zeharkatuko dituzte lasterka, Korrika edo herri kross berezi bat osatuz. Jaia antolatu duten ikastetxeek, aurtengo bestan lagundu duten Txantreako lagunek eta nahi duten guztiek parte hartuko dute, batak bertzeari lekukoa pasatuz.
Gero, erraldoiak dantzatuko dira kirol elkartean eta eguerdian ekitaldia izanen da leku berean. Elkartearen ibilbidea oroitu eta kalitatezko euskal eskola publikoaren alde lan egin dutenak omenduko dituzte. Bukatzean, erraldoiekin batera Bernat Etxeparen eginen den herri bazkarira joanen dira. Txartelak Auzotegin, Harpean eta Herrikon daude salgai.
Arratsaldean, kalejiran, musika jarriko dute kamioian, «Karlinhos Brownen erara», eskolatik igerilekuetako kontzerturaino. Bertan prestatutako flash-moba dantzatuko dute.
Furgonetaz etortzen den jendeak Furgo-Parkina izanen du doan Berriozarko Plazaola kalean. Informazio gehiago, gurejaia.info-n. GARA
Euren nahiaren kontra, Txantxu Rock musika jaialdia ere kendu egin behar izan dute egitarautik. Sarrera erosia dutenek dirua berreskuratzen ahalko dute saltoki berean, igandea baino lehen.