GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Oraingoan Sortzen-Ikasbatuaz

 

Askorentzat ez da harritzekoa izanen, baina zerbait izatekotan, mingarria da oso Sortzen-Ikasbatuaz-ek hartu behar izan duen erabakia. Astebururako Euskal Eskola Publikoaren aldeko bestaren baitan Iruñeko Txantrea auzoan eta Taconeran ospatu beharreko ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du elkarteak, iganderako iragarritako eguraldi kaskarra dela-eta. Baina jakina da gurean euria maiz egiten duela, aitzitik aunitz dira han eta hemen ospatzen diren jaialdiak.

Arazoa ez da soilik eguraldiaren mapa izan, Iruñeko Udalak errotik ezabatu nahiko lukeen errealitatearen mapa baizik. Urtebetez puntako talde eta artistak bildu behar zituen kontzertua antolatzen egon ostean, orain egun gutxi komunikatu zion Udalak Bernart Etxepare ikastolari 13.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko zutela, inor gutxiri eskatzen dizkieten moduko segurtasun neurri gehiegizkoak bermatzeko.

Bistakoa da, elkarte xume batek ezin diola horrelako ezeri aurre egin, baina dirua izatekotan ere, antza denboraz larri ibili behar ziren instalazioa neurri horietara egokitzeko. Urtebetez 1.000 boluntario baino gehiagok ilusioz egindako lanaren ostean, bestarako egun eskas batzuk falta zirenean iritsi da Udalaren oharra eta ez da zaila pentsatzea zer dagoen erabaki horren atzean, aski ezaguna izanik UPNk euskal kutsua duen eta oro har edozein herri-ekimenekiko duen jarrera.

Segurtasun arrazoiak argudiatu ditu Iruñeko Udalak jaialdia ospa ez dadin. Nor eta UPN gure segurtasunaz kezkatuta! CAN auziarekin begi bistan geratzen ari den bezala, herritarrok zerbaitekin seguru ezin bagara egon, Enrique Mayak eta bere alderdikide askok darabilten politikarekin da.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo