GARA > Idatzia > Kultura

«Bilgua», Aiko taldearen eskutik plazak dantzan jartzeko deia

Aiko taldeak Pirinioetako musika errepertorioan eta soinuetan oinarritutako disko berria, zortzigarrena, aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Hogei kanta propiok osatzen dute «Bilgua» lana, tuntunak, biolinak eta danborrak ohiko talde instrumentala gorpuzten dutelarik.
p055_f01_149x121.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Pirinioetako soinuak ditugu Aiko taldearen «Bilgua (Pirineotako magaletan dantza)» (Elkar) disko berriaren oinarrian. Horrela, lana osatzen duten hogei kanten artean joan den mendearen hasieran Luzaideko erromerietan jotzen ziren dantza- jauziak, jotak, balsak, mazurkak eta txotisak daude.

Sabin Bikandi, Patxi Laborda, Asier Garcia eta Ainara Artetxe izan ziren Aikoren azken lana aurkezten. Beraien esanetan, lan berria «erdi jolasean» sortutako proiektua da eta, Pirinioetako soinuak abiapuntu, «dantza egiteko gonbita» izan nahi duena.

Erromeriak eta emanaldiak

Patxi Labordak azaldu zuen bezala, J. Bentaberriren orkestrak Luzaideko erromerietan erabiltzen zuen egitura bera baliatu dute diskoa egiteko; hau da, dantza jauziekin hasi eta bukatu, tartean elkarrekin dantza egitekoak (balsak, mazurkak, jotak edota txotisak) jotzen zituztela.

Ohiko maneran egindako hogei pieza berri hauek grabatzeko nahiz jotzeko aukeratutako formazio mota (tuntuna, danborra eta biolinak osaturikoa) Pirinioen magalean erabiltzen zen berbera da.

Betiko soinuak ez ezik, rantxera eta habanera bana ere sartu dituzte diskoan, «gurea be-zala sentitzen dugun hori geureganatzen baitugu», azaldu zuen Bordak berak.

«Bilgua» laneko kanten bideoak Aikoren webgunean (www.aikotaldea.com), Facebooken eta Youtuben eskegi dituzte. Grabazioak Otxandion egin zuten parranda batean egin ziren, kamera bakar bat erabiliz.

Lana girotzeko eginiko bideoak dira, beren esanetan, «asmo pedagogikorik» ez dutenak.

Hala, Aiko taldea prest dago abian jarritako dantzarako gonbit hau euskal plazetara eroateko. Hasteko, ekainaren 1ean, 19.00etan, Markinan izango dira. Hurrengo egunean beste aurkezpen bat egingo dute Urbian.

Ekainaren 8an, berriz, saio bikoitza izango du musika taldeak: lehendabizikoa, 13.00etan, Esozian (Soraluzen) izango da eta bigarrengoa, Donostiako Konstituzio plazan, 20.30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo