Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren iraungitzeak
Musika modernoak iraungitze data desberdinak ditu. Batetik, musikaren industriak diskoei ezartzen diena; bestetik, komunikabide eta kalean irauten duten; eta, bukatzeko, jendearen memorian ze luze atxikitzen diren. Diskoek lau bizitza dituzte: berrikuntza denean salneurri gorenean jarri ohi da. Salmentaren indarra ahultzen doan heinean, ertaineko sailera jaitsiko da; gero, katalogo funtsera. Hortik euskarri fisikoaren heriotzara doa. Alerik ez denean geratzen, agortutzat ematen da eta bigarren eskuko salmentara irits daiteke eta, kasu batzuetan, izugarri garestitzera ailegatu ere bai, bildumazaleen monopolioan. Komunikabideetan bi sailkapen leudeke: irrati formula eta irratsaio arruntak. Formulan kantuak biziki ona izan behar du bost hilabetez eusteko zerrendetan. Gehienek aste gutxiko bizitza dute. Irrati arruntetan beti erakar daitezke abesti zaharrak zein berriak. Egun, segituan erantzun dakioke entzule baten kantu jakin baten eskakizunari. Milioika abesti pila daitekeenez diskoteka digitalean, eroso eta arina da aurkitzea desio den abestia entzulea asetzeko. Kale, taberna, jai, txosna eta norberaren bizitzan musika entzun daitekeen toki horietan guztietan kantuen iraungitze data zein den moden arabera kulunkatzen da. Beste kontu bat da gizartearen memorian zer eta nola geratzen diren kantuak jendearen burmuinean. Herri kantuen iraungitzea ahoz ahoko transmisioak zekarren. Baina abesti zahar haietatik gehiena transmisiotik at geratu da. Klasikoa deritzan musikak gehiago iraun du pentagramara eramana zelako. Egun, abesti bat entzuteko hamaika modu dira eta norberak horrela iraungigaitz bilakatu lezake kantua.