GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan | bergarako jaiak

Bergarako «jaixen» azken txanpan, kasta atera eta dena eman

p016_f03.jpg

p016_f04.jpg

Mañel LARENA |

Lehen bi egunak atzean utzita, gorputzaren astinalditik suspertu eta indar berriak biltzeko eguna da igandekoa, Kuadrilla Eguna astelehenean, arrasatearrek «lunes mondragonés» deiturikoa, eta asteartea azken kartutxoak gastatzeko eguna dela aitzakia, kasta atera beharko baita eta norberak duen onena eman, Bergarako jaien aukera eta misterio guztiak gozatu ahal izateko.

Gaur, kirola maite dutenek herriko Lokatza Txirrindulari Eskolak antolatu eta Lehendakari trofeorako baliagarria den lasterketa izango dute aukeran, edo bestela, Udaleko pleno aretoan Pentekoste xake txapelketa, edo umore ona eta barre algarak nagusi izango dituen herriko plazako futbolin erraldoia, Messirenak eta bi egiten saiatzeko. Bigantxen aurrean korrika egitea nahiago dutenek, aldiz, Seminarioko zezen-plazan dute aukera eta lastertasun totala eta arriskua maite dutenek, aldiz, San Martzialgo bidean goitibehera txapelketa.

Txakolina eta banderilla hartuaz musikaz lasai-lasai gozatu nahi dutenak, berriz, eguerdian Espoloira hurbildu, hango platanondoen itzaletan paratu eta Udal Musika Bandaren kontzertu marabilla izango dute.

Dantza ikuskizuna gustukoa dutenek, 16 urtez azpiko 36. Euskadiko Dantza Askatuko Txapelketa izango dute herriko plazan arratsaldean, 17.30etik aurrera. Bergarako Moiazpi dantza elkarteak antolatuta eta udal txistulari eta trikitilariek lagunduta.

Umeentzat gozamena

Familiak batu egiten dira igandean elkarrekin bazkaltzeko. Herritik kanpo bizi direnak, aiton-amona eta bilobak, lagun zaharrak eta aspaldikoak... denak biltzen dira mahaiaren bueltan eta bazkalostean ohikoa den kale osteratxoa egitera. Barraketan umeekin, pilota partidak, errekortadoreen ikuskizuna, denetarako dago aukera. Aurten, baina, txikien gozagarri eta urterokoa den Munibe plazako apar festaz gain, txosnagunera umeekin joateko proposamen polita dago. Hain zuzen, Euskal Herrian aski ezaguna den «Irrien Lagunak» ikuskizuna izango baita, eta umeak begiak eta ahoa zabal-zabal gozatzen daudela, gurasoek garagardo eder bat hartzeko ala lagunekin hitz nagiak egiteko parada izango dute.

Iluntzean, txosnagunetik atera gabe, Ipar Euskal Herriko kantari Anje Duhalderen emanaldia egongo da, tradizionalak eta bere-bereak diren hainbat kantu kantatzeko aukera eta, gainera, paraje ezin hobean. Gauak duen magia eta xarma aprobetxatuz, bestalde, film labur lehiaketa antolatu dute txosnagunean. Ibai ondoko petrilean patxada ederrean eseri, eta bokata edo errazio goxo bat eskatuta primerako zinea ikusteko gonbita, hain zuzen.

Astelehen potentea

Egun kuttuna dute oso bergararrek jaietako astelehena. Kuadrillen eguna aitzakia, goizean goizetik dabil parranda pil-pilean.

Tabernen arteko herri kirolen lehiaketarekin hasiko dute eguna Seminarioko zezen-plazan, Xapre eta Zarra trikitilariak eta Incansables txarangak animatuta. Jendetza batuko da bertan, alkohola eta algarak ez dira faltako eta umore onean urdaileko harrak bizkortuko dituzte, DJ Anjiek animatuko duen herri bazkari handira joan baino lehen. Aurreko urteetan antzeman diren arazoak zuzentzearren, adingabeei ez zaiela alkoholdun edaririk zerbitzatuko iragarri dute.

Bazkalostea dezente luzatu ohi da eta arratsaldean herriko kaleetan gora eta behera piripi samar eta xalatu asko dauden gazteak ez dira faltako. Gazteez gain, baina, errekortadoreen eskola ibiltaria gustuko duenak zezen-plazan dute zita eta, horrez gain, Bergarako Hiria pilota partidetako finalak izango dira udal pilotalekuan. Eta gauari indarrez ekiteko, musika eskaintza zabala, gorputza eta gogoak fresko dituen orok nonahi dantzatzeko. Espoloian Nuevo Talisman taldearekin Camp dantzaldia izango da, plazan Basajaun taldearekin berbena eta Bideberriko txosnagunean, Laket, Emon eta DJ Bull-ekin kontzertu dantzagarri askoa.

Gaua luze joango dela ziurtatuta, erleak erlauntzan bezala, egun argiarekin batera gaupasero olde ederra espero da. Azken kartutxoak bota eta martitzenari segidan helduko diote batzuek, bakarrik ala konpainiarekin ohera erretiratuko dira besteak, baina, Kuadrillen Egunari zuku guztia atera eta ederki hurrupatu zaion sentipena nagusituko da, bai ala bai.

Bingo erraldoia eta pilota

Martitzeneko gauerdian Bitorianatxoren igoerak jaien akabera -ofiziala- ekarri arte, pilota profesionala, sari bikainak dituen bingo herritarra, nafar jotak, herri kirol erakustaldia, haurren jolas-parkea... adin eta gustu orotarako aukerarik ez da faltako. Oihan Vega telebista aurkezle bergararrak DJ festa eskainiko du plazan. Bitorianatxori agur esanda, jaixak datorren urteari begira jarriko dira. Oxala izango balira bergararrek egiten dituzten ametsen neurrikoak!

«Herrixa dantzan»

Igandean dantzak okupatuko du plaza publikoa. Patxi Montero dantza irakasleak dinamizatutako dantza gidatua izango da San Martin plazan, herritar andanak, altxa bihotzak, suelto eta libre dantzan jardungo dutelarik

Herri Bazkaria

Bergaran esaten den «eurixa dihardu»-rik ez bada, astelehenean herri bazkari jendetsua izango da plazan, eta, bestela, mistela: hartu bazkarirako eta animaziorako trasteak eta Labegaraietako kiroldegira denak

Baltsa jaitsiera

Martitzenean, Deba ibaiko egunotako ur hazi samarretan baltsa jaitsiera izango da autobus geltokitik Bideberriko txosnaguneraino, eta gero sorpresa handiak daude iragarriak

Berrikuntzari lotuak diren festak

Berrikuntza guztiek sortzen dute nolabaiteko erresistentzia bat, baina era berean esperimentatzeko lizentzia ematen dute. Iazko jaietan probatu ziren berrikuntzak; hala nola, herriko komertzio txikia indartzeko antolaturiko bingo erraldoia ala birziklatzearen kultura indartzeko asmoz txosnagunean zaborra gaika biltzea eta edalontzi guzti-guztiak berrerabilgarriak izatea, sendotuta aurkeztu zaizkigu aurtengoan. Eta hori da bidea, herritarrek herriarentzat, berek eta beren neurrira egindako jaiak asmatu eta berrasmatzea. Baliabide gutxiagorekin erabaki onak asmatzen, existitzen ez diren formulak eta eskaintzak berrasmatzen. Aukera berriak ugalduz eta ugalduz, elkarrekikotasuna eta elkarkidetza bultzatuz. Etsipena eta apatia kutsatzeko aproposak diren murrizketa garai eta aldarte sozial ilunari aurre egiteko bide egokia dirudi. Bai horixe!

Aurtengoan ere berrikuntza asko saiatu dira jaietan. Inposibleak irudikatu eta ausart arituz gauzatu direnak. Aurrera begira, esperientzien bizkar-zorroa aski betea utzi dutenak. Zoriontzekoa benetan.

Norbere ametsak eta gogoak jaietan beren neurria topatuko dutelakoan, ondo-ondo pasau jaixak. M.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo