BIOGRAFIA
Oteiza ekinzale
Iker ZALDUA
Hamar urte bete ziren apirilean Oteiza hil zela. Denborak ez du barkatzen, aurrera jarraitzen du etengabe, ahanztura mugitu ohi du urak errota nola eta, halako batean, izan zena izen bilakatzen da, izen hutsa. Nere Lujanbiok, biografia honen egileak, ere badirudi hori iradokitzen digula: «Orain Altzuzako Museoak bere funtsetan bilduriko dokumentuak bilatu eta sakon aztertzeko garaia da». Baina Nerek berak liburuan hainbat aldiz azpimarratu bezala, luzea da Oteizaren itzala, luzea hark utzitako arrastoa, eta denbora asko beharko da oraindik ahanzturaren errota mugitzeko.
Biografia laburra da aipagai dudan hau, bere bizitzaren nondik norakoak marrazten dituena, izaerari buruzko zertzeladak ematen dira gehienbat. Nahiz eta bere ibilbide profesionalari buruzko datuak ematen diren, ez da bere obraren azterketarik egiten, deskribapena baizik; izan ere, eskultoretik harago, pertsonaren biografia da.
Hitzaurrean Pedro Manterolak aipatzen du: «Bada Oteiza eskultore bat. Oteiza poeta bat, Oteiza pentsalari bat, hizkuntzalaria, zinemagilea, pedagogoa, konspiratzailea eta ezin konta ahala Oteiza gehiago. Eta horien artean aukeratu beharrean suertatzen gara, aurretik jakinda murrizketa horrek halako galera bat dakarrela». Bat egiten dut hitzokin. Ez zen izan egunak, asteak, urteak estudioan sartuta ematen zituen eskultorea. Kezka ugari zituen, ipurterrea zen, komunikatzaile ona eta bazekien jendea bere asmora limurtzen. Lujanbiok liburuan adjektibo paregabe bat baliatzen du bere izaera islatzeko: ekinzale. Hitz horrekin definituko nuke liburu honetan aurkezten zaigun Oteiza, ekiteko grina zuena, zaletasuna, han-hemen xaxatzeko joera, lehendabizi gurasoek egotzi eta ondoren frankismoak debekatutako kulturaren alde.
Jakina, Oteizaren eskulturak badu pisua liburuan, eta bere obrek izan zuten bilakaera urratsez urrats deskribatzen da, kronologikoki, eskultura subjektibo eta espresionistatik hasi eta esperimentazioraino. Hain zuzen, kronologia da biografian aurrera egiteko erabiltzen den irizpidea, jaio eta hil arteko lerro horretan mugarriz mugarri goaz aurrera, beti ibilbide horretan eragina izan zuten gertakarietan erreparatuz, Espainiako gerra zibila, frankismoa eta euskal kulturaren susperraldia, besteak beste. Azken hatsa hartu zuen egunarekin iritsiko gara amaierara. Ondoren «Azken hitza» izeneko atalean biografia-egilearen ondorio edo gogoetak ditugu. Gehigarri modura, kronologia horretako mugarriak sailkatzen dituen zerrenda dago, bere izaeraren garapenean eragina izan zuten gertakariekin apaindua. Tartean, bere zenbait lanen irudiak ageri dira eta horien azalpena, liburua amaitzeko.
Funtsean, hori da irakurleak biografia labur baina interesgarri honetan aurkituko duena. Bide batez, adierazi nahi dut biografia-egileak bikain hautatu duela izenburua, «Jorge Oteiza, jenio hutsa». Hitz-jokoa dela esango nuke, erratzearen beldur gutxiz, erabateko jenioa hauta zezakeen, baina hutsak, hustuketak aparteko garrantzia izan zuen bere obran, bere amaierako eskulturagintzaren ezaugarri behinena da eta, aldi berean, jenioaren handitasuna azpimarratzeko balio du hutsak, finean, hori baitzen, jenioa hizki larritan, Manterolak aipatutako gai guztiak menderatu zituen Jenioa.