Julen MURGOITIO
Status quo, Quo vadis?
Desobedientzia zibila gora eta behera. Horra, status quoko moketa etikoan bizi direnen kontraesana, eta kontraegina. Desobedientzia bai, prefosta! are gehiago gobernatzen ez duten udalerrietan eta kontua atez ate dagoenean. Orduan bai, desobeditu, arren! Amen. Bestelako kontua da, ostera, beheko Estatu antzeko horretatik datozen epaiak bete behar direnetan. Orduan ez, legea lege eta beti bete! Kawen riau! Eta nago ni, zelan uztartu gura dute status quoko horiek desobedientzia zibila eta legeen betetzea? EE? EE?. Ez, ez nago Euskadiko Ezkerra-La gracia de Euskadiz. Desobedientzia ontzat hartuta, zeri gura diote horiek desobeditu? Akaso desobeditu langileek eskubide duten greba egiteari? Orduan bai, gobernua eta patronala uztarrian, gurdia aurretik dutela, aldapan gora bada ere. Ama, ama! Hiztegia hartu dut, beste behin ere, eta desobeditu aditzaren adiera irakurri ere: agindua ez bete. Ez, ez dute erraza izango status zaleek desobedientzia egin eta aginduak betetzea, bietan jarraitzea. Urtean bitan, eta erakundeetatik kanpo, Euskadi Europan aldarrikatzen dutenean, hori bada bilatzen duten estatusa, status quokoa, zera galdetu behar zaie: quo vadis?
Bai, jelkideek kristoren marroia dute aurrean. Seguruenik txipa jarri beharko dute. Hara! Donostia den hiri handian batzuek behintzat adostu berri dute, eta ez da gutxi gaurko desgobernantza garaian, edukiontzi marroi txipdunak zabaltzea, arduraz jokatzen dutenentzat pizgarriak eta guztiz. Ongi etorria izan bedi pragmatismoa, tarteko helmuga moduan hartua denean, behintzat, ez helburu gero! Hau da, pragmatismoa ibilbide-orri argi baten barruan. Ibilbide-orria, bai, bide-orria baino gehiago baita hori, ibili beharra dakarrelako. Tira, Bilboko mapa mundi berrira! Horixe albistea egunotan munduko bazter guztietan. Guantanamoko presoen artean ere hauxe izan ei da asteko trending topic delakoa. Ene, ene! Bilbaokeriak! Ez, ez nago hiriaz orain. Tira, harira. Bilbok sarbide berriak ditu! Ez aurrekontuetan, ordea! Eta? Gatazketan sartzea erraza da, irtenbideak dira kontuak, jakinda ere irtenbide guztiak ez direla konponbide. Horra, noiz Bilbok irtenbide berriak? Sarbide asko izanda ere, ganorazko irtenbiderik ezean, biribilgunean bueltaka geratzea beste etorkizunik ez da. Esaerak dioenez, hala bada hala biz, bestela quo vadis?