argia | Juan Mari Arregi
«Paradisu fiskalak ixtea oso erraza da»
Gobernu guztiak, batez ere Europako hegoaldekoak -baita Hego Euskal Herrikoak ere-, arduratuta daude euren aurrekontuekin eta murrizketa antisozialak eginez ongizatea desegiten ari den krisi ekonomikoarekin. Badago formula bat zenbakiak koadratzen lagunduko lukeena: erreforma fiskal sakona egitea. Gobernuak, kapitalismoaren kudeatzaileak alegia, ez dira ausartzen aberastasun handiak ukitzera. Ez dira ausartzen paradisu fiskalak ezabatzera. Baina «paradisu fiskalak ixtea oso erraza da, borondatea behar da, Europak `amaitu da' esan behar du eta dirua bueltan ekarri. Erraza da: herrialde horietan sinaturiko ekintza juridikoak onartzeari utzi behar zaio». Halaxe adierazi zuen René Passet ekonomista frantziarrak, egungo krisi ekonomikoaz ohartarazi zuen bakanetakoa, ATTACeko batzorde zientifikoko lehen presidentea eta Pariseko Unibertsitateko irakasle emeritua.
«Banku-sekretuak mantentzen badituzte, Suitzako bankuak itxi beharko lirateke», esan du Frantziako fiskal Eric de Montgolfierrek. Joan den astean, Madrilen izan zen, Herve Falciani Ginebrako HSBCren langile ohiaren estradizio epaiketan lekuko gisa. Falcianik 130.000 iheslari fiskalen kontu sekretuak «lapurtu» zituen, horietatik 4.000 espainiarrak dira eta euskal herritar ugari ere badaude. Langile ohi suitzarra ez da Europako ihesaldi fiskalaren erruduna, eta hala ere epaitegiko aulkian jarri dute. Delinkuente lepazuridunak libre dira, ordea. (...) langile ohi suitzarraren jarrera hartu beharko lukete aintzat ogasunetan eta bankuetan lan egiten dutenek, eta delinkuente fiskalek ezkutatzen dituzten datu sekretu horiek guztiak filtratu eta argitaratu beharko lituzkete. Ilegala litzateke, baina kapitalismoak sozialki baztertu dituenekiko eta langabetuekiko elkartasun ekintza duina ere bai.