GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilboko sarbide berrien irekieran, Errekalde bere «munstroa» kentzeko eskean

Larunbateko trafiko urriarekin estreinatu baziren ere, auto ilarak sortu ziren eguerdi aldera San Mameseko sarbide berrietan. Errekaldetarrak kalera irten ziren, Jose Luis Bilbaori hartutako konpromisoa bete eta 2016rako auzoa zatitzen duen autobidea eraits dezala esatera.

p015_f02_148x104.jpg

GARA |

San Mames inguruko sarbide berriak goizeko bostetan zabaldu zizkioten trafikoari. Arazo larririk ez zen izan, baina eguerdi aldera auto ilarak sortu ziren zirkulazio gutxi izaten den larunbat batean estreinatu arren. Hala ere, benetako proba astelehenean izango du zati handiena tunelpean duen errepideak.

A-8 autobidearen trafikoa hartzen duen bide berriak, Gipuzkoako eta Kantabriako ibilgailuen joan-etorriak hartzen ditu, eta Cadaguako Korridorearekin lotura du.

Ostiral gauean itxi ziren Sabino Aranako sarbideek 60.000 autoren zirkulazioa hartzen zuten; berriak 50.000 hartzeko prest daude. Hori dela-eta, hamar urtean itxita egon den Juan de Garai kaleko sarrera zabaltzea erabaki zuten instituzioek iragan ostegunean. Errepide horrek Ezkerraldeko trafikoa hartuko du.

Datozen egunetan, Bilboko Udaltzaingoak lan berezia du sarrera berrietan, auto gidariei aholku ematea. Izan ere, errepide berrien inguruko zenbait kaleren noranzkoa aldatu dute eta trafikoaren berrantolaketa handia egin da.

Sarbide berrietan gertatzen dena 71 bideo-kamerak filmatzen dute, eta irudiak Malmasineko Tunelen kudeaketa zentrora bidaltzen dituzte.

Irekiera egunean, trafikoa oztopatu ez, baina protesta eraman zuten kalera Errekaldeko auzokideek, Sabino Arana inguruko bizilagunen ospakizun egunean bertan. «Zorionak Basurto. Autopista kanpora. Errekalde 2016» zioen pankarta baten atzean manifestazioa egin zuten itxi berri diren sarbideetaraino.

Salatu zutenez, 40 urte daramatzate errekaldetarrek «demokraziaren aldeko borroka eredugarriaren truke frankismoak oparitu zigun munstroa jasaten». Gogoan izan zuten, autobideak auzoa bitan banatu, kutsatu, itxura andeatu zuela eta oso arriskutsua dela.

Bilbaoren «konpromisoa»

Basurtoko auzokideak zoriondu zituzten egindako lanak izan duen emaitzagatik, eta Bizkaiko Foru Aldundiari Errekalderekin hartu zuen konpromisoa gogorarazi zioten. Esan zutenez, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak berak esan zuen 2002an Errekalde zeharkatzen duen «tramankulua» 2016. urtean eraitsia izango zela.

Sabino Arabako sarbideen itxierarekin «konpromisoa beteta» dutela dio Diputazioak, eta mezu berari eutsiz Errekaldeberriz auzo elkarteak Foru Aldundiak beraiekin duen konpromisoa bete dezala eskatu diote. Salatu zutenez, 2002an Jose Luis Bilbaoren ahotik entzundako adierazpenetatik «ez da berririk izan», eta, hori dela-eta, «gogorarazi nahi dugu 2016an zerua ikustea espero dugula».

Auzo elkartearen esanetan, autopistarik gabeko Errekalde eraberritzeko proiektua badute dagoeneko, eta horrekin mila metro karratu irabaziko lituzkete aisialdirako, estalitako plazak edota lurpeko parkinak izateko. «Bilbaok eta Bizkaiak zorra dute Errekalderekin», esan zuten, eta zorra «zerua ikusten» uzten dietenean ordainduko dutela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo