GARA > Idatzia > Kultura

San Telmo museoak aipamen berezia jaso du 2013ko EMYA sarietan

 

p044_f03.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako San Telmo museoa Europako museorik onenaren saria eskuratzeko hautagaietako bat izan da 2013ko EMYA sarietan. Garaikur nagusia Glasgowko Riverside museoak eskuratu badu ere, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Donostiako museoari hiritarrenganako duen hurbiltasunagatik eta giza eskubideekiko errespetuagatik.

Aipamen berezia urtero museo berri edo berritu bati edo gehiagori ematen diote. Aurtengoan, San Telmoz gain, aipamen berezia izan dute Gobustan National Historical Artistic Museum (Azerbaijan), Art Museum Riga Bourse (Letonia) eta National Maritime Museum (Herbehereak) aretoek.

EMYA saria 1977an sortu zen Kenneth Hudson kazetariaren ekimenez, eta honen helburua Europako museoen bikaintasuna aintzat hartzea eta prozesu berritzaileak sustatzea zen. Irabazleek saria merezi izaten dute publikoa erakartzeko aktiboki aritzen direlako lanean, etengabe formula erakargarriak prestatuz. Sari nagusia eskuratzen azkena, 2012an, Kordobako Madinat al-Zahara museoa izan zen; lehena, berriz, Ironbridgeko Gorge Museum Trust (Britainia Handia). Tartean, hainbat eta hainbat museo prestigiotsuk eskuratu dute saria, adibidez, Londresko Victoria & Albert-ek (2003) eta Euskal Herriari dagokionez, Bilboko Guggenheimek 2000. urtean.

Era berean, EMYAk bestelako sari bat ere banatzen du, Kenneth Hudson saria (sortzailearen omenez) eta honek proiektu ausart edo ezohiko bat abian jarri duen museo, norbanako edo talde bati ematen diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo