Kontserbetan ere sasoiko arraina jatera animatuko dute Bermeoko azokan
GARA | BERMEO
Sasoian sasoiko produktuen abantailak erakutsiko dituzte datorren asteburuan, ostiraletik igandera, Bermeoko XIX. Arrain Azokan. «Gure arrantzaleen onurarako da, arrainen zikloa zaintzen du eta gure elikadura ere hobetzen du», azaldu zuten antolatzaileek aurkezpenean.
Idurre Bideguren alkateak ohartarazi zuen sasoiko arraina kontserbetan ere jaten ahal dela, bertako kontserba fabrika gehienek horixe erosten dutelako, aipatutako onurak lortzen lagunduz.
Herriko kontserba industriaren erakusleiho aparta da azoka, eta Udalak profesionalizatzearen alde egiten du apustu. Krisialdia dela-eta igarotzen ari diren une latzetan, enpresekin bat egin eta beren lehiakortasunaren aldeko pausoak emateko ari da lanean. Adibidez, logotipo lehiaketa antolatu dute enpresa hauen irudia sortzeko, eta azokaren lehen egunean Aztik hitzaldia emango du tokian tokiko berrikuntzarako joera globalak azalduz. «Dakarreko kanpainak» liburua ere aurkeztuko du.
Hogei erakustoki jarriko dituzte arraina dastatu eta erosteko, ekimen berriak prestatu dituzte -argazki rallya eta «Latie amongotsut» inkesta jolasa, adibidez- eta arrain salmenta simulazioak eta bokartaren tratamenduaren erakusketa egingo dituzte.
Bestalde, kontserbaz osatutako sorta solidarioak salduko dituzte apirilaren 11ko sutean kaltetu izan ziren herritarrei laguntzeko.