GARA > Idatzia > Euskal Herria

DONIBANE GARAZI

Nafarroa Behere eta Garaiko taxilariek «mugaz gaindiko hitzarmena» sinatu dute

Lurralde batetik bestera garraio zerbitzuak egin ahal izateko akordioa sinatu berri dute Nafarroa Behereko eta Nafarroa Garaiko taxilariek. Hitzarmenarekin, maiz izaten dituzten arazoak konpontzea espero dute. Izan ere, Nafarroa Garaiak duen arautegiaren ondorioz, Iparraldeko taxi-gidariek orain arte ezin zuten beren bezeroen bila joan, nahiz eta itzulerako bidaia erreserbatua izan. Guardia Zibilak kontrolatzen zituenean arazoak izan ohi zituzten eta 1.500 eurora arteko isuna jaso zezaketen. Horrelako gorabeherak maiz gertatzen dira, esaterako, jaietara edo Dantxariako diskoteketara eramandako pertsonekin edo Done Jakue bidea egiten ari diren errosmesekin. Aurrerantzean mugaren bi aldeetara egin ahalko dituzte joan-etorriak, betiere itzulerako bidaiaren erreserba dutela egiaztatzen badute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo