Desobedientziari buruz jardungo dira Gasteizen ekainaren 8 eta 9an
GARA | GASTEIZ
Eleak, Fracking Ez Araba, Herrira, AHT Gelditu! eta Joxemi Zumalabe herri ekimenek deituta, «Ez obeditzearen artea» lelopean desobedientziaren gaineko jardunaldiak izango dira ekainaren 8 eta 9an, Gasteizen. Horien bitartez, desobedientzia mota ezberdinen gaineko esperientziak plazaratuko dituzte, baita lanketa praktikoa egin ere. Ekimenean entzute handiko gonbidatuek parte hartuko dute ditu, Mario Zubiagak, Marta Luxan-ek edota Raul Zibechik, esaterako.
Antolatzaileek proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten atzoko aurkezpenean: «Gure herriko gizartearen azken hamarkadetako bilakaera ulertzeko, herri mugimendutik jaiotako proposamenak, alternatibak zein erresistentziak ezinbesteko aldagaiak izan dira». Borroka hori gaurkotzea eta gaurko errealitateari aplikatzea proposatzen dute. «Bidegabekerien kontra eta bestelako ereduen alde egiteko orduan -diote herri ekimenetako kideek- herri-antolakuntzak eta herri-presioak ezinbesteko osagai izaten jarraitzen dute».
Bizi dugun aro politiko berriak borroka horietan eragina izan duela eta izango duela nabarmendu zuten atzoko agerraldian. Ez soilik arlo sozialean, nazio-gatazkari dagokionez ere horrelako jokaerak indartzen ari direla nabarmendu zuten. Hortaz, jardunaldietan erantzun beharko duten galdera mahai gainean jarri zuten: «Ze funtzio, ze diskurtso eta praktika izan behar dugu herri mugimenduok egungo euskal herrian?».
Bide horri helduta, hainbat arlotako protestetan legediak duen protagonismoak kezka eragiten diela adierazi zuten atzo. «Protestak gauzatzeko legediak baimentzen dituen zirrikituak gero eta uzkurragoak eta antzuagoak dira. Legedi `demokratikoa' zenbat eta estuagoa izan, ez al dira logika `demokratiko' hutsak gainditzen dituzten praktika eta diskurtsoak orduan eta ezinbestekoagoak?», hausnartu zuten.