GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora | Urrezko lehiaketa

Otaegiren eta Mugertzaren artean dago azken finalista

Zizurkilgoa eta Mutrikukoa gaur eguerdian neurtuko dira Otxandion, eta irabazlea azken saioan izango da.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabal, Jon Rekondo eta Aitzol Atutxa Urrezko Aizkorako finalean sartuta daude, baina datorren igandean Azpeitian jokatuko den finalean lau izango direnez, kontrario bat falta dute taldea osatzeko.

Laugarrena zein izango den gaur bertan jakingo dute, 12.30ean Otxandioko Mainondo pilotalekuan jokatuko baita azkeneko finalerdia. Neurketa honetan Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza arituko dira nor baino nor, eta irabazten duenak finalean izateko txartela eskuratzeko modua izango du.

Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu. Proba azkarrak eta laburrak izango dira, azkenekoa izan ezik, han izango baitute iraupen proba. Kanporaketa hau irabazteko faboritoa Otaegi da. Hala ere, lan hauek ongi doazkio mutrikuar gazteari, eta bera ere oso kontuan hartu beharko da.

Otxandion, ordea, ez dira aizkolariak bakarrik izango, Urrezko harri-jasotzaileen azkeneko bi kanporaketak ere jokatuko baitira, eta horien ostean jakingo da Azpeitiko finalean arituko diren kirolarien izenak.

Lehen kanporaketan Joseba Ostolatza eta Inhar Urruzuno neurtuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Jokin Eizmendi eta Izeta III.a. Bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabiliko ditu. Neurketa hauetan kirolarien pisua ere kontuan hartzen da, eta arinena denak denbora gehiago izaten du lanean aritzeko. Gaurko kasuan, pentsatzekoa da Urruzonok eta Izeta III.ak denbora gehiago izango dutela lanerako.

Torneoa

Biharko, berriz, Egur Sport enpresak aizkolarientzako torneo azkar bat antolatu du Araban, Samaniegon. Ekinaldia 12.30ean hasiko da, eta bertan horren ezagunak ez diren aizkolariek izango dute beraien maila erakutsi eta txapel baten lehian aritzeko aukera.

Irazabal, Intxausti, Utxu, Oregi, Lekue, Urteaga, Dorronsoro, Kintana, Llanos eta Kortxero izango dira lanean arituko diren aizkolariak. Denek ere proba azkarrak egin beharko dituzte, eta elkar kanporatzen joango dira. Kanporaketa bakoitzean kana-erdiko enbor bat moztu beharko dute, eta saioa galtzen duena kanpora joango da.

Lan labur hauetan ez da faborito garbirik izaten, deskuidu txiki bat nahikoa izaten baita dena galtzeko. Enborrek ere zer esan handia izaten dute, adar bat nahikoa izaten baita dena galtzeko. Horiek denak kontuan hartuta, Dorronsoro izango da irabazteko faborito nagusietako bat. Zeraingoak egun ona baldin badu, eta enborrekin zorte txarrik ez badu, aurrean ibili behar du. Berarekin batera, baita Aritz Irazabal gazteak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo