GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amagoia Elezkanori azken agurra, elkarretaratze eta erreakzio artean

Senarrak hildako Orozkoko neska gazteari, Amagoia Elezkanori, gaur eginen diote agurra jaioterriko parrokian, kalean jendea saminez beteta mobilizatzen ari den bitartean. Indarkeria matxistak ez du etenik eta atzo bertan beste gizon bat atxilotu zuten Bilbon, emakume bat, Caritaseko hezitzaile sozial bat, bortxatzea leporatuta. Alderdi politiko eta elkarteek biktimei laguntzeko baliabideak murrizteak duen eragin negatiboaz ohartarazi zuten.

p018_f02.jpg

GARA |

Ostegunean indarkeria matxistaren ondorioz hildako Orozkoko ama gazteari, Amagoia Elezkanori, gaur egingo diote azken agurra herri honetako parrokian, arratsaldeko zazpietan. Bere gorpua Laudioko tanatorioan erraustuko dute, intimitatean, familiaren borondatez, Efe agentziak jakinarazi zuenez.

26 urteko neska labankadaz hiltzeaz akusatutako senarra, 49 urteko portugaletearra, Zaballako espetxean sartu zuten atzo arratsaldean epailearen aginduz, eta jendea suminduta atera zen kalera indarkeria matxistaren kontra, ez Laudion eta Orozkon soilik, beste hainbat herritan ere bai. Adibidez, Arrasaten. Tolosako Trianguloan elkarretaratzera deitu zuen gaur eguerdirako Emakume Mundu Martxako Plataformak, eta Aiaran, iganderako elkarretaratzea (12.30ean) eta Norma Vazquez psikologoaren hitzaldia (12.40ean) antolatu dituzte Arespalditzako plazan.

Instituzio, alderdi eta elkarteek irakurketa eta salaketa mezu ugari zabaldu zituzten. Kidetza ama eta aita dibortziatuen euskal federazioak eta Ezker Batuak, esaterako, bat egin zuten ideia batean: biktimei laguntzen dieten zerbitzu sozial eta baliabideetan izan diren murrizketek dakartzaten ondorio txarrak azpimarratzean.

Lehenengoak azaldu zuen «familia barruko biolentzia beldurtzeko moduan ugaritu» dela EAEn, batez ere Bizkaian eta Araban, eta krisi ekonomikoak okertu egin duela egoera. Kolektibo honen ustez, «prebentzioa huts egiten ari da» instituzioen programak mugatuak direlako eta kalean lan egiten duten zerbitzu sozialek «murrizketa garrantzitsuak» izan zituztelako aurreko legealdian.

GKEek lantzen dituzten prebentzio programetako inbertsioa handitzea proposatu zuen Kidetzak, krisian diren familiei arreta osoa ematen dietenak, tratu txarrak jasan dituzten emakumeak laguntzen dituztenak eta familia berriak babesten dituztenak bezala.

EBk gizartean «atzerapauso bat» gertatu dela ikusten du «genero indarkeriaren kontrako legeak sustatu zuen lehenengo bultzadaren ondotik». Andrea Uñak adierazi zuenez, itxaropen handiak sortu ziren egiturak garatu gabe, eta orain, langabeziak, familiaren karga handitzeak eta laguntza sozialak gutxitzeak biktimei bikoteak salatzeko asmoa kentzen die duten menpekotasun ekonomikoagatik. Murrizketengatik harrera etxeak ixten ari direla kritikatu zuen: «Hala emakume askok ezin dute etxetik atera eta etsaiarekin bizi behar dute».

Egoera honetan, PPko Nerea Llanos parlamentariak kolektibo hau babesteko Ertzaintzaren operatiboaz galdetu zion Lakuako Segurtasun sailburuari, Estefania Beltran de Herediari. «Eskatzen duten pertsona guztiek orain arteko babes maila bera» izango dutela erantzun zion honek. Eta biktimei eta beren ingurukoei «ez isiltzeko» eta salatzeko eskatu zien.

Orozkoko neska gaztearekin, Estatu espainolean lau emakume hil ditu indarkeria matxistak 48 ordutan, eta Elena Valenciano PSOEko idazkariordeak «serieko hiltzaile» gisa definitu zuen. Lau andreak serieko hiltzaile batek hil izan balitu, «gizartea hunkituta egongo zen, polizien eta politikarien goi agintariek bilerak deituko zituzten», idatzi zuen. Rajoyri eskatu zion «gaitz hau agenda politikoaren goi mailan kokatu dezala».

Bortxaketa Bilbon

Euskal Herrira bueltatuz, Bizkaiko hiriburuan 44 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, Caritaseko harrerako pisu bateko erabiltzailea (buruko patologia duena), bertako langilea den neska gazte bat bortxatzea egotzita. Lakuak jakinarazi zuenez, labana batekin eraso ere egin zion eta gizon bati ere zauriak egin zizkion. Ostegunean, 16.30ean gertatu zen erasoa, Deustuko bi etxetan. Lehendabizikoan emakumea bortxatu zuen eta ebakiak egin zizkion aiztoarekin, bat larria hatz batean. Gero, bigarren pisura joan zen gizona eta han zegoen pertsona bati ebakiak egin zizkion eskuineko eskuan eta ezkerreko besaurrean. Bi biktimei ebakuntza egin zieten ospitalean.

Deustuko Ibarrekolandako gertaera honen aitzinean, Emakundek nabarmendu zuen ez dela onartu behar indarkeria matxistaren inongo zantzurik. Biolentziaren kontrako alarmak ez itzaltzeko eskatu zuen, forma ezberdinak hartzen dituelako, eta «lan sakona egin eta balio eta sinesmen asko aldatu» behar direla azaldu zuen.

EH Bilduk deia luzatu zien instituzio eskudunei jazotakoa ikertzeko eta harrera pisuan izandako akatsez hausnartzeko, berriro ez gertatzeko. Azpimarratu zuen bertako langileen segurtasuna bermatzeko arduraduna Aldundia dela, berak ematen baititu diru-laguntzak zerbitzua aurrera eramateko. Atzo arratsalderako talde feministek antolatutako elkarretaratzeekin bat egin zuen.

Genero indarkeriari aurre egiteko, puntu beltzak identifikatu eta konpondu behar dira. Barakaldoko Lutxanako tunelak halakoak dira, «beltzetan beltzenak», Argitan zentroaren hitzetan. Duela hilabete, apirilaren 20an, adin txikiko neska batek salatu zuen bera bortxatzen saiatu zirela bertan. Segurtasun falta saihesteko, itxi egingo ditu Udalak tunelak gauez maiatzaren 31tik aurrera, hau ordezkatzeko bidea egin bitartean.

MADRILEN

Estatu espainolean, ostegun arratsean Santanderren gizon batek bikote ohia ito eta gero, PSOEk urgentziazko bilera deitu zuen gaurko Ferrazen, «matxismo kriminala eteteko». Lau emakume zendu dira estatuan 48 ordutan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo