Baleren Bakaikoa Azurmendi
Europar Batasunaren britaniartzea
argia
(...) Monetaren batasuna eratzerakoan, britainiarrek argi zeukaten beraien subiranotasunaren ikurra, libra esterlina alegia, ezin zezaketela alboan utzi. Argi zuten moneta batuak Cityren negozioak ahulduko zituela eta erabaki zuten eurotik kanpo geratzea. (...).
Thatcherren garaietan Britainia Handiko sektore publikoa pribatizatzen hasi zen, hain zuzen mundu guztiko herrialdeetara hedatu den politika pribatizatzailea: publikoak beti oker funtzionatzen du eta pribatuak beti ondo. Dogma hau leku guztietan barneratu da. EBk ere pribatizatzeko bideari heldu dio eta ikusten ari gara zerbitzuen kalitate mailaren hondamendia.
Bestalde, jakina da EBren lehen helburuak Europako herrialdeen arteko kohesioa eta ongizatea garatzea zirela. Baina helburu horiek ez dira inoiz gogoko izan britainiarrentzat, are gutxiago Thatcher eta Tony Blairrentzat. Hauen nahia eta helburua Europa osoa, ekialdeko herrialdeak barne, merkatu libre bihurtzea izan da, gizarte kohesioa alde batera utzita.
Horretarako Amsterdameko Tratatuak bide ematen zuen. Izan ere, 1997tik aurrera bideak irekita geratu ziren, besteak beste, Errumania edo Bulgaria bezalako herrialde atzeratuak EBko kide bihurtzeko. Zalantzarik gabe, EBk diru gutxi ipini behar izan zuen herrialde atzeratu horien ekonomiak indartzeko. Beraz, diferentzia ekonomiko erraldoiak izaten jarraituko du eta enpresa multinazionalek erraztasun oro izango dute lekualdatzeko EBren barruan, lan kostuen aldeak oso nabarmenak baitira: Suedian batez besteko orduko soldata 43,80 eurokoa da eta Bulgariakoa 2,90 eurokoa. Non dago kohesioa?
(...) Azkenik, diru merkatuak ukiezin bihurtu ditu Britainia Handiak. Izan ere, Cityko diru mugimenduei Tobin Tasa ezartzerik ez dute entzun ere egin nahi. Bien bitartean, Zerga paradisuz inguratuta dago herrialde britainiarra: Jersey, Man, Gibraltar eta abar. Itxuraz paradisu hauen aurkako neurriak hartzekoak dira, baina errealitatean ezer gutxi egiten dute, paradisu horietaz baliatzen diren dirudunek ahalmen politiko handiegia baitute.
Hori bai, EBko hizkuntza komuna edo erabiliena ingelesa izatea onartu da. Horretan batu gaitu Britainia Handiak!