GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Etxaburu | Ondarroa

Aupa Urtza. Euria gara

Bai Urtza, irribarre egin dugu indarra sobera daukagulako bidezkoak ez diren lege eta arauak ez onartzeko, gai garelako zubiak begirunez betetzeko, euritan igeri egiten ikasi dugulako egin dugu barre

Aupa Urtza, zelan zabiz? Tira, lagunek zuri gutun bat idazteko eskatu zidaten orain dela aste bat inguru. Ondarroako Aske Gunearen bidez zer irabazi dugun zuri idatziz azaltzeko eskatu zidaten. Ni, ordea, ez naiz gaur arte gai izan zuri pare bat lerro idazteko. Badirelako idatzi nahi ez ditudan hainbat bizipen. Horien gainean idazteak bizitakoa lanbrotuko ez ote duen zalantza daukat... bai, idatzi baino nahigo dut sentitu, usaindu, gogoratu eta besarkatu. Lerro hauek idaztea, elkarri emandako azken besarkadatik askatzea modukoa da, euriak banandu izan bagintu moduan... jarrai dezadan, baina.

Urtza, zer da irabazi duguna? Eta zer galdu duguna? Norbaitek, zu galdu zaitugula esango du; eta nik, ezetz erantzungo diot. Hori dioenak ez zaituela ondo ezagutzen... guk uste dugu pixka bat gehiago irabazi zaitugula, ezagutzen ez zintuztenek ere txoko zintzo bat gorde dizutela beren begietan, begirunezkoa, eta hondartzako zubian busti gintuen euri zaparradak berak ureztatu dituela hazi berriak. Ez, ez zaitugu galdu, pixka bat gehiago irabazi zaitugu. Zer da baina, zutaz aparte, irabazi duguna? Hainbeste gauza... Naiara Arrizabalaga lagunak ondo idatzi duen moduan, ezin da sei egun horietan herrian sortu eta zabaldutako sentimendu zein elkartasunaren kalkulurik atera. Irabazi duguna, hain zuzen ere, horixe bera da, gure herria besarkada batean urtzea, eta behar genuen, zinez. Nahi baino gehiagotan elkarri ukatzen dizkiogun eskuak bildu genituen Ondarroako zubian, eta nik behintzat, behar nuen, zergatik ez esan.

Hausnarketarako unea da orain. Bakoitzak bere kontuak aterako ditu. Guk geureak egin ditugu: pozik gaude, irribarre egin eta hortzak erakutsi ditugu. Bai Urtza, irribarre egin dugu indarra sobera daukagulako bidezkoak ez diren lege eta arauak ez onartzeko, gai garelako zubiak begirunez betetzeko, euritan igeri egiten ikasi dugulako egin dugu irribarre. Gaur, oraindik, gure herrietako nagusiak ikusten ditugulako Alamedako bankuetan eserita, eta saliña-saliña dantzan. Ziur sentiarazi gaituzte, eta guk, irribarrea irabazi dugu.

Irribarre berarekin eutsiko diogu ere, aurrera begira sakondu behar diren hainbat eztabaidari. Buruak argi, badakigu irmotasuna eta zintzotasuna izango direla herri berrirako gure errekak. Eta bidean egon badauden harrien gainetik, azpitik, albotik... igaroko diren milaka ur tanta garela. Bai, Donostiako eta Ondarroako irribarrea lematzat hartuta prest gaude itsaso berrietara abiatzeko. Beraz, ezelako harrik ez gaitzala aintzira bihurtu, zabaldu dezagun desobedientziaren oihala, bada-eta nahikoa haizerik. Hori bai, buruak argi.

Urtza, oihalari putz egin eta haize bihurtu gaituzu, eta euri, eta zubi. Hori ere irabazi dugu. Itsasoari buelta eman genion, zure bila etorri ziren urpekariak urik gabe geratu ziren, eta olatu bihurtu gaituzu. Hori ere irabazi dugu, olatu garela sinestea, tantaka-tantaka itsasoa garela jabetzea. Eta hori ere galdu dute, harkaitz zirelakoan etorri ziren guregana, eta beldurtu egin ziren. Jo gintuzten eta gure zauriak orbain sendo bihurtu zaizkie harkaitz kaskoetan. Mingaina zapaldu ziguten, baina guk abesten jarraitu dugu: maite zaitut, maite-maite zaitut, mila pila patata tortilaaa... Olatu gara, mila pila patata tortila.

Bai, asko irabazi dugulakoan nago: bide zahar-berrietan sakondu dugu, kontraesanak sortu ditugu, eztabaidak piztu, elkartasuna erein dugu, batu egin gara, elkar besarkatu eta irri egin dugu. Busti egin gara. Bai, zalantza barik, olatu bihurtu garelako gaude pozik. Hori irabazi dugu.

Tira, Urtza, agurtzen hasiko naiz, izan ere, ez dut uste hau denik lagunek eskatu didaten gutun mota. Sentitzen dut lagunak, agian desobedientziaren asuntoa serioegi hartu dut... Urtza, ze hurbil bizi diren eri, euri eta herri, ezta? Bada, horixe bera gara, herri, euri eta eri.

Barkatu, lagunak, baina ezin dut Urtzari poematxo bat idatzi gabe bukatu gutuna.

Negu iluntzeetako gaztaina azal beroak

pilatu ditut periodiko zaharrean,

eskuak berotzeko,

edo goiz epelagoak oroitzeko,

lore guztiek gordetzen dutelako sekretu bat,

eta neguko iluntzeek gaztaina azal bat

hantxe berriro elkartzeko.

Eskerrik asko eta muxu bat zeutzat.

Zainddu, matxe zatxut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo