GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Elkartasun hatsa» eskainiko diete iheslariei Biarritzen, ekainaren 15ean

Azken berrogeita hamar urteetan, gatazka politikoa dela medio beren etxea, herria edota familia uztera behartuta izan diren iheslariak lagundu dituzten hainbat talde eta norbanakok beren «babes osoa» berretsiko diete ekainaren 15ean ere, Biarritzen antolatu duten ekitaldian. «Exiliatuek bake prozesuan aktiboki parte hartu nahi dutelako, eta guk ere, hala nahi dugulako» adierazi zuten atzo, Baionan.

p016_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Iheslari eta deportatuek jaso izan duten babesaren leku sinbolikoa, hots, Baionako katedraleko ataria, hautatu zuten atzo, urteetan, modu batean edo bestean, euskal iheslariei sostengua eman dieten hainbat pertsonak.

«Euskal Herrian ireki den aro berri honetan», beren herrian «duintasunean bizitzeko eskubidea» aldarrikatzeaz gain, «exiliatuek bake-prozesuan aktiboki parte hartzeko» adierazi duten nahiarekin bat datozela nabarmendu zuten.

Hala, berriro ere beren «sostengu osoa» berresteko, eta baita «gatazkaren konponbidean iheslarien kolektiboak bere ekarpen politikoa egin dezan aukera» eskaintzeko, datorren ekainaren 15ean, Biarritzeko Irati aretoan, egun osoko ekimena antolatu dutela iragarri zuten.

Jardunaldia goizeko 11.30ean hasiko da ekitaldi batekin, eta ondoren herri bazkaria izango da han bertan. Arratsalde partean, berriz, kontzertuak eta hainbat animaziok borobilduko dute eguna.

Momentuz berrogeita hamar bat pertsonak egin dute Biarritzera joateko deialdia. Horien artean, Anai Artean aspaldidanik dabiltzanak, Jean Fagoaga, Battitta Larzabal edota Mixel Mendibourek, baina baita Koko Abeberry abokatua, Lutxi Borthairu erizaina, Victor Pachon CADEko bozeramailea, Xarles Bidegain euskaltzaina, Alice Leiziagezahar eta Yvette Debarbieux hautetsiak, Michel Berger, Itziar Aizpurua, Txetx Etxeberri, Mixu Mendi, Ladix Arrosagarai, Georges Agerre, Andoni Iturrioz, Arantxa Arruti edota Pako Letamendia Ortzik ere.

«Herri babesa»

Horien guztien izenean, Erregina Dolosor eta Bixente Garciak gogorarazi zuten hamarkada hauetan guztietan iheslariek beren ibilbide «luze, anitza eta trabaz beterikoan» jaso duten «herri babesa», hainbat une nabarmenduz. Hala nola, GALen eta aurretik beste talde paramilitarren ekintzak pairatu zituztelarik, «karrikako babesari esker, mertzenarioak jazarri eta atxilotuak ere» izan zirenekoak. Orduan gauzatu zen «errefuxiatu bat, etxe bat» kanpainaren baitan, «beren teilatupean hartu zituzten» ehunka herritarren inplikazioa ekarri zuten gogora.

Gerra zikina amaituta, Estatu frantsesak espultsio, estradizio, konfinamendu eta deportazioei ekin zien garaiak ere aipatzearekin batera, «iheslarien kolektiboa suntsitzeko, lege mailako arau anitz sortu» dituztela adierazi zuten, zerrenda luze horretara azken urteetan gehitutako euroagindua ahaztu gabe.

«Gatazkaren konponbidean beren ekarpena sustatzeko asmoz», 1995ean eta 1996an iheslarien kolektiboak asignazioa, konfinamendua edo deportazioa hautsi eta Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu zuenean ere ukan zuten «sostengu zabala» azpimarratu zuten, Baionako katedralean egon ziren denboran, eta hortik goiti ere bai.

Eragile, hautetsi, talde politiko eta sozial askotarikoen babes horren beste adibide adierazgarria -Izpuran euroagindupean zeuden gazteen itxialdia- aipatu zuten, «gazte horiek beren etxeetan aterpetzeraino» iritsi zen babesa, hain zuzen ere.

Euskal Herrian libre bizi

Egoera horiei eta eguneroko beharrei aurre egiteko laguntza, bisitak eta bidaiak antolatzeko, «sostengu sarea» hedatzen joan dela gogoratu zuten.

«Euskal Herriak bizi duen egungo une garrantzitsu eta interesgarri honetan», iheslarien kolektiboko kideek «mundutik herrira itzuliz», beren herrian libre bizitzeko eskubidea jorratzeko adierazi duten asmoan bidelagun izango dituztela ziurtatuz amaitu zuten. «Guk, gaur hemen adierazi nahi diegu, herriaren babesa eraman zutela beraiekin, herriaren babesa bizi izan dutela urrun egonik ere, eta orain ere herriaren babesa dutela beren hatsaren ezinbesteko oinarri».

LEHEN PLANOAN

Anai Artea elkarteak ia mende erdian egindako lana bereziki nabarmendu zuten, iheslariak laguntzeko orduan «sostengu horren lehen planoan izan baita beti».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo