GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteak ere Baionako karriketan izango dira larunbatean, Lurralde Elkargo berezia eskatzeko

p019_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Makea, Itsasu, Hazparne, Jatsu, Baigorri, Suhuskune eta Aiherra eta Mugerreko besta-batzordeek eta Urruña, Ziburu, Azkaine, Getari, Donibane Lohizune, Sara, Senpere, Biarritz, Baiona, Uztaritze, Kanbo, Itsasu, Hazparne, Makea, Donapaleu, Doanixti eta Donibane Garaziko gazte asanbladek, Euskal Herria Zuzenean eta Euskaldun Gazteria taldeek bat egin dute, datorren larunbatean, 17.00etatik goiti Baionan Lurralde Elkargo bereziaren sorrera aldarrikatzeko egingo den manifestazioarekin.

Ipar Euskal Herriko ezagupen instituzionalaren egarria gaurkoa ez dela gogoratuta, «sortzen ikusi gintuen lurraldean bizi eta lan egin» nahi duten heinean, «begi onez» ikusten dute «berezko egitura propioa» plantan ematea. Are, konbentzituta daude «hurbileko kudeaketa administratibo batek, bertako problematika eta berezitasunei errazago erantzutea ahalbidetuko» lukeela. Horrez gain, «bertako politiken eraginkortasuna areagotuko» litzatekeela uste dute.

Hala, beren herrietan «eragile aktibo» diren horiek berretsi zuten bat datozela «proiektu horrek ekarriko lituzkeen demokrazia parte-hartzailearen printzipioekin», eta jarraian, gazteei eta herritar orori dei egin zieten ekainaren 1ean mobilizatzera.

Beste atxikimenduak

Lurralde Elkargo bereziaren aldeko manifestazioa atxikimendu ugari jasotzen ari da, besteren artean, Biarritz Bestelakoa taldeko zinegotzi abertzaleena, CADErena, Autonomia Eraikirena, Zuberoako hainbat hautetsiena, tartean bi kontseilari nagusiena eta Mauleko auzapezarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo