GARA > Idatzia > Kultura

haur eta gazte literatura

Tripak mintzo

p054_f02_85x65.jpg

Asun AGIRIANO

Ereinek iaz album ilustratu interesgarriak eskaini zizkigun, ez bakarrik «Marraz(i)Oak» egitasmoarekin lankidetzan kaleratutakoak, baita beste batzuk ere, adibidez, «Mundua berdea ote da dena?», eta esku artean dugun hau, «Gure etxea». Gaurkotasun handiko gaia etxearen kontua, bizi dugun gizarte egoera zail eta korapilatsuan, familia ugari etxe gabe geratzen ari direla ikusten ari baikara. Haurrek ere badute zer esan injustiziaz eta pobreziaz.

Ipuina irakurtzean, beste aspaldiko bat etorri zait gogora. Laurogeiko hamarkadan ere, langabeziaz inguratuta bizi izan ginen, eta ordukoa da «Los niños del mar», Jaume Escalak idatzi eta Carme Sole Vendrellek margotua. Zuzenagoa eta gordinagoa, agian. Haur ijitoen errealitate mingotsa islatzen zuen hark eta irakurle helduagoa eskatzen zuen ezinbestean, baina badute antzekotasunik kontatzeko eran eta gaiaren aukeraketan.

«Gure etxea» ipuin hau berritzailea eta interesgarria egin zait oso, bai egituran bai marrazkietan. Ausarta eta ezohikoa bi egileen aurreko liburuari erreparatuta. Orduan, «Anekdotak» liburu ederra eskaini ziguten, eta oraingoan Ruben Ruiz-ek ikuspuntu poetikoa aukeratzen duen bitartean, Eider Eibar ilustratzaileak lan pertsonalagoa aurkezten digu, ezagutzen genizkion irudietatik aldenduz, perspektibarekin jolastuz eta esperimentaziori tarte zabalagoa emanez. Osagarri moduan paper testura eta kartoi zati zimurtuak erabiltzen ditu, eta marrazkiak ikusteko, orain goitik, gero azpitik, eta hurrengoan zirrikitu batetik saiatu beharko da irakurlea, ez baita erraza irudiak lehenengo begi kolpean antzematea.

Testu laburra, beti orriaren ezkerraldean, eta, beste aldean, marrazkia. Narratzailearen ahotsa haur batena da, hasieran horrela dio: «Gure etxea itsasora begira dago. Polita da goizero jaikitzean kresala usaintzea». Egoera zoriontsu eta idiliko batetik kontatua dela ematen du, eta haurra sentsazioetatik eta bizi duen egunerokotasunetik ari dela. Interesgarria nola jolasten duten bi egileek irakurlearen inozentziarekin. Zentzu horretan, album tranpatia da, ipuinaren erdialdean egoera bestelakoa da, buelta ematen dio errealitate ideal horri: «Gure etxeak kartoizko teilatua du. Dibertigarria da euria egiten duenean itoginek nire etxea kobazulo bihurtzen dutenean». Mailukadak dira orduan hitzek eta marrazkiek erakusten dizkiguten egoerak. Bukaera aldera ohartuko gara zer ari den gertatzen, irakurleari eskatzen zaio aurreko eta atzeko orrialdeei begiratu lausoa eman eta geldo irakurtzea. Ez da haurrentzat bereziki, ezta di-da batean irakurtzeko album ilustratua ere. Gutxirekin asko esaten digu «Gure etxeak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo