GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Sukaldeak eta bazkariak

Sarritan etortzen zaizkit burura garai bateko bertsolariek plazan, edo plazatik kan- po, utzitakoak, gero kantariek beste modu batez handik eta hemendik zabalduak. Egunotan Norteko ferrokarrilaren bertso-sortako pasarte batzuk igaro zaizkit buru aldetik; ez dakit zelan pasatu, egia esan, nonbait nik ezagutzen ez nuen zirrikituren bat baliaturik edo. Tira, harira! ez zuen ba bertsolariak bota modu horretan jarri zuenak Norteko ferrokarrila, jakinduria handia zuen, entendimendu abila! Bai zera! Jakin izan balu gerora abiadura handiko trena jarriko zutenen jakinduria nolakoa izango zen seguruenik beste bertsoren batzuk gehituko zizkiokeen sortari. Abila izan behar, mugitzekotan abiadura txikian mugituko den AHTa entenditzeko. Katekesi-garaitik garbi atera nuen gauza bakarra zera izan zen: espazioa berdin abiadura bider denbora. Hortaz, abiadura ezin ulertu espazioa eta denbora kontuan hartu gabe. Bai ordea espazioa, eta denbora, abiadura kontuan gabe.

Abiadura ondorioa da, ustez entendimenduz abila diren horiek, eskola-porrotaren erreferentzia berak, denen kausa jarri nahi badute ere. Denena? Ez! Justizia kanpo geratzen da! Total, horretan ere, AHT kontuetan, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Foru Komunitatea bat datoz, eurek ez jakin arren. Hara, inondik ez datorren trena abiadura handian joango da inora ez. Lerroko biribilgunea. Hori bai, dirutza xahututa; lehentasunak lehentasun, bazkariak bazkari. Ene, ene! hortxe aldea ezker eta eskuinaren artekoa, hark sukaldeak lehenesten ditu, honek bazkariak. On egin diezaiela, haiei behintzat!. Iparraldea aparte doa, horretan ere; ez Erkidego, ez Komunitate, baina debate anitza hegoan baino. Bai, ipar-orratza behar du hegoak; zehatzago esanda, orratza, iparra izan badu eta, askotan ez jakitearena egin arren.

Tira, Norteko ferrokarrilaren harira! Eseri aulki ederrak eta beste gauza bat on-ona, ezertarako behartzen bada kotxe bakoitzak komona... Bai, Bizkaiko jauntxo nagusiari entzunda, nahigabe baina entzunda, Bilbao-Donostiatik kanpoko espazioa ez duen abiadura handiko trenak ez bakarrik komuna izan, baizik eta paper higienikoa eroateko aparteko bagoiak ere beharko ditu, gipuzkoarrek ipurdia izatea erabakitzen duten bitartean behinik behin. Ipurdia izan eta gainera aktiboa! Eta gainera Ondarretan harriak! Ama, ama!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo