GARA > Idatzia > Kultura

Kontuz kontari!, ipuin kontaketaren Errenteriako jaialdia, hastear

 

GARA | ERRENTERIA

«Kontuz kontari!» ipuin-kontaketa jaialdia izango da Errenterian, maiatzaren 29tik ekainaren 2ra. Ladamasa Kontalaritza elkarteak eta Errenteriako Udalak lau eguneko egitaraua iragarri dute, hitzaldia, ipuin tailerrak, ipuin ikuskariak eta ipuin-poteoa antolatu baitituzte eskaintza paregabean.

Beste leku askotan bezala, Errenterian ere ipuin-kontaketa jaialdiak kultur bizitzari beste proposamen bat gehitu nahi dio. Haurren munduari lotuegia agertzen bada ere, badira helduentzako proposamen interesagarriak eta horiek ekarri nahi izan dira, ikus dadin ere helduok badugula zer gozatu ipuinak entzunez.

Egitaraua

Jaialdia Andoni Egaña bertsolariak hasiko du asteazkenean, hilaren 29an, «Ahozkotasuna» hitzaldiarekin. Xenpelar Etxean izango da, 19.30ean.

Ostiralean, Joxemari Carrerek «Ipuin bidaiaria» ikuskizuna emango du, 20.30ean. Eta larunbatean, Martha Escudero mexikarraren eta Carles Garcia valentziarraren txanda izango da, 20.00etan bata, eta 22.30ean bestea.

Jaialdiari amaiera ederra emateko igandean, 20.30ean, Koldo Amestoyk «Biribilketa-Luma Beltza» eskainiko digu. Gizon baten istorioa kontatuko digu. Txori bilakatu da eta hego haizeak eramanik hamaika istorio ezagutuko ditu. Ohikoa duen estilo zehatz eta anitzarekin istorioak kantak eta dantzarekin uztartzen ditu. Euskal Herriko kontalaririk esanguratsuena da, euskal kontalaritzari bideak zabaldu dizkiona.

Amaitu aurretik igande eguerdian ipuin poteoa izango da herriko kale eta tabernetan barrena. Errioxako La Compañia del Sacorekin, jaialdiko kontalariekin batera, musika eta ipuinak eskainiko dira tabernaz taberna. Errioxarrek herri musika zein ipuin eta kantak uztartzen dituzte.

Emanaldi bakoitzeko sarrera 5 eurokoa da; bonoa ere eros daiteke, 16 euroren truke, lau emanaldietarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo