GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Enrike Gisasola Nekazaria eta EHNEko kidea

Zer ari da gertatzen Gipuzkoako EHNEn?

Zentzugabeko zatiketa-beldur eta jarrera beroak berariaz hauspotuz, sektore jakin batzuek eztabaida sanoari uko egin eta berau oztopatzen saiatu dira

Horra aspaldian nekazaritza munduan dabilen galdera eta momentuz erantzun bateraturik ez duena, gehienon gaitasun falta eta gutxi batzuen interes ezagatik. Horrela, idatzi honekin, sektoreak nozitzen duen eta sindikalgintza bera kutsatu duen etsipen giroari jarki eta eztabaida eraikitzailea sustatu nahiko nuke inoiz baino beharrezkoago dugun nekazaritza-sindikalgintza biziberritzeko.

Gipuzkoako EHNE 1976an sortu zuten nekazariek eta zalantzarik ez, oparoa izan da bere ibilbidea. Aitzitik, azkenaldian gauzak aldatu egin dira okerrerako. Sektorearen gainbeherarekin batera arazoak pilatzen joan zaizkigu Euskal Herri mailako nekazaritza-sindikalgintzan zein Herrialdekoan. Errekonbertsio basatiari aurre egin ezinik, ikuspegi kolektiboaren gainetik norberekoikeria nagusitu da. Haserretik haserrera eta barne kohesioan errena. Horrela, istorio honen azkeneko atala Gipuzkoako EHNEk pairatzen duen blokeo egoera da. Hainbat gairen inguruan desadostasunak sortu ondoren, zuzendaritza bitan zatitu da. Zentzugabeko zatiketa-beldur eta jarrera beroak berariaz hauspotuz, sektore jakin batzuek eztabaida sanoari uko egin eta berau oztopatzen saiatu dira. Horrela, 11 kideko zuzendaritzatik, 7ren dimisioaren ondoren, eta quorum-ik izan ez arren, egun lau kargudunek bakarrik gobernatzen dute sindikatua Gipuzkoan. Egoera bideratzeko Gipuzkoako EHNEko Batzarrak ezohiko kongresua egitea agindu bazuen ere, ez da mandatua bete. Erakundearen egungo arduradunen iritziz ezin da kongresurik burutu gutxieneko adostasunak lortu arte. Laburbilduz, hona bi posizio edo proposamen nagusiak:

Ildo «ofizialaren» iritziz, arazoak kideen arteko errespetu faltaren ondorio dira. Horrez gain, pertsona batzuen kudeaketa txarrak eta egindako akatsek ekarri gaituzte egoera honetara. Ondorioz, ez dago sakoneko arazorik, eta hortaz, ez dute sakoneko aldaketarik beharrezko ikusten. Era berean, ekoizpen eredu guztiak zilegi direla uste dute. Beraz, errealitatea onartuz, nekazaritza produktibista eta beste eredu iraunkorragoen arteko elkarbizitza, ekologikoa kasu, posible dela diote. Barne Antolaketari dagokionez, Gipuzkoako EHNEren iraunkortasuna ez dute zalantzan jartzen eta berritasun nagusia hauxe: bailaretako EHNEko antolaketa tradizionala desegin eta sektoreak (esnea, haragia, basoa,...) ordezkari banarekin izatea zuzendaritza osatuko dutenak.

Zuzendaritzatik kanpo gelditu garenok, berriz, arazoak sakonak eta egiturazkoak direla diogu, estrukturalak. Sektoreak pairatutako errekonbertsio basatiak kolpatu du barne kohesioa nola ez, baina geuk ere akatsak egin ditugu. Nabarmenena, diskurtso sindikal argirik ez izatea. «Denok gara baserritarrak» esatearekin ez da nahikoa. Diskurtso orokorregia da eta konkrezio gutxikoa. Egunerokotasunean kontraesanak azaltzeko baldintza ezin hobea. Arazo zehatzen aurrean erantzun zehatzak emateko garaian adostasunak huts egin du. Zerk bultzatu ditu unean uneko konpromisozko irtenbide txikietara? Politikaren polarizazioak. Beraz, diskurtso argien garaia, eta nire ustetan, goldeari heltzeko aroa ere bada. Nekazaritza politikan lehentasunak jarri eta erabakiak hartu beharra dago. Denei berdin laguntzen dionak praktikan indartsuari egiten dio mesede ahularen kaltetan. Nekazari autonomo ugari eta baliabide naturalak zein ekoizpenezkoak banatzea baimentzen dituzten ereduak hobetsi behar dira, dudarik gabe bide produktibistan sartu dena/dutena eta aldatzea nahi duenari lagunduz. Nekazaririk behar ez duen ekoizpen ereduak ezin ditu nekazari sindikatu batek defendatu. Eta horiekin batera gehien sufritzen ari direnak lehenetsi (soldata atera ezinik, lurrik gabekoak, gazte-zahar eta emakumeak,...). Hitz batean, ezkerreko nekazaritza politikak aldarrikatu eta martxan jartzeko unea da.

Antolaketari dagokionez, herrialdeko eredu sindikala agortuta dagoela deritzogu. Oinarri nahikorik gabe, herrialdeko sindikatua zimendurik gabeko egitura zaharkitua bihurtu da. 15 urtetik honako pertsonen arteko arazo zikliko hauek ahuldade horren ondorio dira. Gaur, inoiz baino gehiago behar du euskal laborantzak tresna dinamizatzaile eta aldarrikatzaile eraginkorra. Aldaketa garaietan aldatu beharra dago. Beste nekazaritza ereduak posible direla frogatzeko eta eskaintza berriak egiteko (elikadura subiranotasuna, agroekologia,kontsumo taldeak...) Garapen ereduaren gaineko eztabaida orokorrean, lurrarekin lan egiten dugunok ardura berezia dugu. Euskal jendartea hala eskatzen ari zaigu, gainera.

Testuinguru berritzaile honetan barne antolaketari dagokionez gure proposamena honakoxea da: nekazari guztiak berdin- tzen gaituzten bailaretako antolaketa horizontalak indartu tokian tokiko garapen ereduaren bidean. Eta gainontzeko herrialdeetako laborarion sindikatuekin hausnarketa bat hastea elkarlanerako metodologia baten inguruan. Hain zatituta dagoen laborantza sektorean joera eta jarrera berriak sortu behar ditugu oreka berri baten bila, egiazko Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunaren edota dena delako berri baten bila. Probintzia eta azpisektoreetako barreiatze eta sakabanatze fase batetik euskal nekazarien kolektiboak trinkotze fase batera igaro behar du ezinbestean.

Horra, beraz, egoeraren nire argazkia eta aurrera begirako proposamen zehatzak. Izenburuko galderari ematen diodan erantzuna eta beste argazki eta proposamenekin kontrastatu nahiko nukeena.

Nekazari, deia egiten dizut beldurrak eta nagiak astindu eta parte hartzera eztabaida honetan, gardentasun, argitasun eta lasaitasunez. Ez da gutxi jokoan duguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo