GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Jendarte aldaketaren bideak

Arrautzarik gabeko tortillak maite dituztenek ez dute ulertuko, edo onartuko, baina aldaketa sozialaren arau hau beti nagusitu da. Zenbat eta aldaketa sakonagoa gero eta salneurri handiagoa ordaindu behar da

Batzuek aurretik prestatutako mezuak argitaratu dituzte grebaren ondotik. Porrotaz hitz egin dute, jakina. Beste batzuendako, alferrikako ahalegina izan da. Eta hau ez da dena, besteen ustetan, kaltegarria izan baita, dirua galdua, istiluak, eztabaidak... Halako erantzunak aurreikusi behar ditu ekimen eraldatzaileren bat abiatzen duen orok, egia esan. Jendartea astindu nahi baldin baduzu, jakin behar duzu lurrikarak era guzietako ondorioak izanen dituela. Beldurra, erasoak, gezurrak, pasibitateak, boikotak... Izugarria da aukeren zerrenda. Baina horregatik hain zuzen dira eraginkorrak borroka formulak, guzi hori pizteko gaitasuna dutelako.

Arrautzarik hautsi gabeko tortillak maite dituztenek ez dute ulertuko, edo onartuko, baina aldaketa sozialaren arau hau beti nagusitu da. Zenbat eta aldaketa sakonagoa, gero eta salneurri handiagoa ordaindu behar da. Indar orok erreakzio indarra eragiten baitu. Erabakiek, urratsek, ekimenek, aldaketek ondorioak dituzte, beti. Grebak erreakzio biziak piztu ditu ekimen sakon eta eraginkorra izan delako. Eztabaida ekarri duelako, polarizazioa bideratu, jendartearen kontraesan eta antagonismoak kalera eraman dituelako, inposatu nahi duten bake sozial faltsua agerian utziz. Ez delako greba «guai» izan, erronka ausarta baizik.

Esanguratsua izan da oso espainiar sindikatu ofizialisten jarrera. Aukera bat zuten, besteak beste, beren oinarri sozialetako batzuek eskatzen zutena aintzat hartu eta greba honetan parte hartzeko. Gobernu eta patroiekiko elkartasunaren bidea hautatu dute, berriz, itun berrien bila, mobilizazioei sorbalda emanaz.

Argigarria izan da gobernuetan dauden alderdien erantzuna. Laburbilduta, eskuinak halakoetan baliatzen duen argudio/gezur/ergelkeria sorta erabili dute, mobilizazioa ahuldu nahian. Grebaren kontra lerrotu dira, poliziak eraso indar gisa hartuz.

Egoeraren larritasuna, bestalde, grebarako arrazoi nagusia izanik ere, zailtasuna ere bada. Beldurra, mehatxuak, aintzat hartu behar dira. Inoiz baino arrazoi gehiago daude greba egiteko, baina inoiz baino zailago du lanean dagoen jende askok greba egitea. Lan baldintzak hain kaxkarrak direlarik, are zailagoa lanera ez joatea, inoiz baino beharrezkoago den arren. Grebak erronka hauei guziei egin behar zien aurre eta lortu du. Ez da Neguko Jauregia hartzeko greba iraultzailea izan. Badirudi batzuek termino horietan aztertzen dutela arrakasta/porrota. Baina ez da ere elite sindikal ustel batzuen pantomima izan, estatuan ezagutu ditugun beste batzuk ez bezala.

Greba onuragarria izan da, kalera jende asko atera delako, eta mobilizazio kate zabal eta eraginkor batean uztartzen delako.

Esanen da bestelako ekimenak falta direla, bide berriak asmatu behar ditugula. Ados nago halako iritzi askorekin, hori dena halaxe baita, neurri batean bederen. Baina hori dena posiblea da greba hau eta aurretik beste batzuk egin ditugulako.

Aurkituko ditugu beste formulak, ziur nago, ibilbide luzea dugulako atzean, eta herri honek adierazi duelako berrikuntzarako izugarrizko gaitasuna, egiten duguna behar bezala aztertzeko gaitasuna ere badena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo