GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

GHK-k toxikotasunaren aurkako salaketa jarri du

GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa elkarte publikoaren arduradun ohiek kontratatu zituzten swap finantza produktuek diru kopuru handiko galera eragin zezaketela ohartarazi zuten GHKren egungo kudeatzaileek. EAJren erantzuna, txantxetakoa ematen badu ere, larria izan zen: Gipuzkoako Aldundiko egungo gobernuari egotzi zion swap produktuen arazoa sortu izana, aurreko gobernu taldearen proiektuari segida ez emateagatik. Hala ere, gauza bat da hondakinen kudeaketaren gaineko eztabaida eta beste bat foru eta udal hauteskundeak baino egun batzuk lehenago eta GHKren administrazio kontseilua jakinaren gainean jarri gabe horrelako produktu arriskugarriak kontratatzea, Zubietako errauste planta eraikitzea ziurtatzeko, hain zuzen. Eta joan den otsailean iragarritako arriskua zama ikaragarria bilakatu da. Aldundia hilean 400.000 euro ordaintzera behartzen duen zama, errauste planta eraikitzeko eskatutako mailegutik ehuneko txiki bat baino erabili ez badu ere, mailegu osoari dagozkion interesak ordaintzen ari baita. Kontratuaren interpretazio hori produktuak bezain toxikoa da, eta bidegabea; horregatik, GHK-k Caixa eta Banesto bankuak eta Price Waterhouse aholkularitza etxea auzitara eraman ditu. Auzi penagarria, inondik ere, diru publikoaren administratzaile batzuentzat herritar guztien ondareak zein balio txikia duen ikustea bezain penagarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo