GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko bide eta etxeetan arazoak izan dira euriak eragindako uholdeengatik

Ainize BUTRON | BAIONA

Azken egunotako euri jasen ondorioz gertatzen ahal ziren uholdeengatik, ostegun eguerdian, alerta laranja martxan jarri zuen Departamenduko Prefekturak. Gauean eta goizaldean izandako euriteak hainbat arazo eragin zituen, gehienbat barnealdeko bideetan.

Hainbat ibaitan gainezka egin zuen urak, Armendaritze, Irisarri, Hazparne, Mehaine, Zamatzeko herrietan, Heletan eta Ahurtin. Bizilagun askok saihesbideak hartu behar izan zituzten etxeratzeko. Bideetan ez ezik, zenbait etxetan kalteak eragitera ere iritsi ziren uholdeak, Armendaritzen, Ahurtin eta Irisarrin esaterako. Egoera onbideratu nahian, suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten, beraz, Irisarri, Ahurti edo Hazparnen.

Euri-jasak baretu ziren atzo arratsalde partean Ipar Euskal Herrian. Halere, Prefekturak alerta horia mantendu zuen, uholde arriskuak jarraitzen zuelako. Azken asteotan euria eta hotza nagusi bada ere, Angeluko Udalak gaurtik hondartzetan zaindariak jarriko zituela iragarri zuen atzo.

Bestalde, Euskalmetek azkenean iragarri du udaberria sumatzen hasiko garela. Astelehenean izango da hori. EAEko meteorologia agentziak erran zuenez, tenperaturak gorantz egingo du, eta ez du ia euririk egingo. Eguzkiaz gozatzen ahalko da, baina ezegonkortasuna dela-eta ekaitzak ere leher litezke. 20 gradu ingurura iritsiko dira termometroak kostaldean eta 25 gradura barnealdean, ekainean ohikoa den gisan.

«Historiako hotzenetakoa»

Maiatz hau «historiako hotzenetako bat» izan dela agertu zuen Euskalmetek. Jaizkibelen, batez beste 8,8 graduko maximoa izan da eta 249,6 litro bildu dira. Atzo eta herenegun, haizea orduko 88,9 eta 89,2 kilometroko abiaduran ibili zen. Kalteak ere eragin zituen; Donostian, adibidez, zuhaitz handi bat bota zuen Amaran.

Asteburuan eguraldiak ildo beretik jarraitzea espero du agentziak. Hortaz, fresko, hodeitsu eta euritsu hasiko da hondartza denboraldia gaur Bizkaian eta Donostian.

Bizkaiko Aldundiak azaldu duenez, segurtasuna hobetuko dute balizamendu sistema berriarekin. Donostian, 1.481 toldo, karpa eta eguzkitako egongo dira. Esleitu gabeko toldoak egunez egun alokatuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo