Metaleko batasunaren aurrean, Adegi bakarrik dagoela nabarmendu du LABek
Azken bi asteetan bi greba egun egin ditu Gipuzkoako metalak eta erantzuna «ezin hobea» izan dela iritzita, protesta gehiago iragarri ditu LABek. Sektoreko langileek erakutsitako batasuna nabarmendu du, eta patronalaren blokeo jarrerak bakarrik utzi duela ohartarazi zuen.
GARA | DONOSTIA
Bi astean bi greba egun egiteak bere zailtasunak dituen arren, LABeko metaleko ordezkaria den Jon Ander Goñiren ustez, Gipuzkoako metalak erantzun «ezin hobea» eman die maiatzaren 24 eta 30ean egindako mobilizazioei. Lehena sektoriala izan zen, eta ostegunekoa, aldiz, orokorra. Ostera, Gipuzkoako metalgintza bietan gelditu dela azpimarratu zuen.
Bereziki baikorra iruditzen zaio sektoreko sindikatu eta langile guztiek, irakurketetan guztiz bat egiten ez duten arren, lan erreformatik blindatuko dituen herrialdeko hitzarmenaren alde agertutako batasuna, nahiz eta -adierazi zuenez- «presio eta mehatxu ugari» egon diren.
Goñiren iritziz, langileek hitzarmenarekiko daukaten atxikimenduak erakusten du metalgintzak, gaur-gaurkoz, lan baldintza onenetakoak izatea, eta mobilizaziora deitzen duten bakoitzean erantzuna erabatekoa izatea. «Hitzarmen sektorial hau borrokan oinarrituta egindako hitzarmena da. Hitzarmen hau ezinbesteko tresna da langileentzat, kohesioan eta belaunaldi ezberdinen esfortzu eskuzabalean oinarritutako tresna baita», berretsi zuen.
Adegiri mezua
Egoera horretan, mezu zuzena igorri zion Goñik Adegiri: «Metalgintzako langileak ez gara ezkutatzen, blokeoari aurre egiten diogu». Pello Guibelalde Adegiko presidenteak esandako hitzak ekarri zituen gogora, sindikatuek «estrategia suizida» bat zeramatela baieztatzean, eta, konfliktibatea nondik datorren ulertzeko, patronalari bere buruari begiratzeko gomendatu zion.
Horrela, metaleko sindikatuek lan erreformatik babestuko dituen hitzarmen baten alde lanean segituko dutela ohartarazi zuen, enpresako zein herrialdeko paktuak defendatuz. «Gaur egun Euskal Herrian, oraindik ere, eta hau bezalako borrokei esker, jokoan dago lan erreforma ezberdinen erabilpena emango den ala ez», gaineratu zuen.
Aurrera begira, datorren ekainaren 6an LABek asanblada egingo duela jakinarazi zuen, eta bertan konpromiso berriak eta proposamen mobilizatzailea zehaztuko dutela aipatu zuen. Proposamen horrek langile guztien ahotsa jasoko duela ziurtatu zuen eta hitzarmen sektorialaren aldeko beste urrats bat bezala aurkeztu zuen Goñik, «patronalaren bakardadea agerian» utziko duelarik.