Maisuen maisuei justizia eginez, pintore erromantikoen txanda
1800. eta 1850. urteen artean jaio ziren pintore erromantiko gipuzkoarrei eskainitako erakusketa zabaldu zuten atzo Kutxak Bulebarrean duen aretoan. Abuztuaren 18ra arte ikusi ahal izango da, asteartetik igandera, horien memoriari justizia egiteko xedea duen bilduma.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Gaur artista taldeak euskal artea mundu osoan zehar zabaldu aurretik, hauen irakasle izan ziren XX. mendeko margolari ospetsuenak lehen pintzelkadak ematen hasi aurretik, bagenituen Euskal Herrian pinturaren jeinuak, gutxik ezagutzen zituztenak, orain arte. Montserrat Fornells historialariak zazpi pintore erromantikoren lanak bildu ditu eta erakusketa oparo bat osatu du Kutxak Donostiako Bulebarrean duen erakustaretoan.
Eugenio Azkue, Juan Brocheton, Antonio Maria Lekuona, Eugenio Arruti, Isidro Gil Gabilondo, Jose Etxenagusia eta Pedro Venancio Gassis dira erakusketa honen bidez deskubritu ahal izango ditugun artistak, guztiak 1800. eta 1850. urteen artean jaioak, gipuzkoarrak, eta euren ondorengoen itzaletan ezkutatutakoak. Baina ezin dugu utzitako arrastoa ahaztu, harrigarria baita nola nekazaritza nagusitzen zen lurralde eta gizarte batean halako artelanak sortzeko gaitasuna garatu zuten. Montserrat Fornellsen esanetan, «erakusketa bi urteko ikerketa prozesu baten emaitza da, herri honetako pinturaren benetako aitzindariei justizia egiteko xedearekin jaioa».
Zazpi pintoreek garai latzak jasan behar izan zituzten -gerra karlistak izan ziren orduan- baina hala ere nazioartean aritu ziren euren jakintzak zabalduz. «Pintore hauen berri oso gutxi ezagutzen genuen; liburuetan aipatzen ziren zenbait obra aurkitu ditugu, beste batzuen zirriborroak daude -aipatu zuen komisarioak-. Gaien aldetik, pintore erromantikoek Erdi Aroari zaletasuna zioten eta gai historikoak, literarioak, maitasunezkoak eta heriotzari buruzkoak gogoko zituzten». Inguruan zuten paisaia ere begirunez tratatzen zuten, eta horri esker garaiko hiriak nolakoak ziren jakin dezakegu. Adibidez, Eugenio Arrutik Donostiaren irudiak pintatu zituen egun ezagutzen dugun hiria bilakatu aurretik. Antonio Maria Lekuonak ere ohitura-eszenak pintatzen zituen, eta dorrerik gabeko Arantzazuko monasterioaren alboan Jose Maria Iparragirreren irudi bat ikus dezakegu, Gernikako arbolaren aurrean.
Pedro Vencancio Gassis, ordea, militarra zen lanbidez, baina Veneziara joateko baimena eskatu zuen bertan pintatzeko. Bost urteren buruan, ubideekin maiteminduta zegoen, eta Estatu espainiarrera itzultzea hainbesteko trauma izan zen berarentzat ezen bere buruaz beste egin zuen.
Eugenio Azkuek eta Juan Brochetonek erretratugile lanean ospea izan zuten euren garaian. Lehenak, pertsonaia historikoak pintatzea zuen gustuko batez ere, euskal pasarte garrantzitsuak oroitzeko. Bigarrenak, nahiago zuen enkarguz familientzako koadroak egitea.
Bildumako pintorerik txalotuena, berriz, Jose Etxenagusia da mundu osoan saldu ziren hainbat litografiari esker. Hala ere, Fornellsek azaldutakoaren arabera, Isidro Gil Gabilondo da erakusketako aurkikuntza handiena: «`Isidro Gil' bezala sinatzen zuen eta ez genekien Azkoitikoa zela, garai hartako ilustratzailerik apartena zen».