Arestiren «Zuzenbide debekatua» oinarri, trantsizioaren ikuspegi berri bat Fito Rodriguezen eskutik
Gabriel Arestiren «Zuzenbide debekatua», 1961ean idatzi eta 1986ra bitartean argitaratu ez zena, metafora gisa hartu du Fito Rodriguezek «Justizia Interditaren Poetika» saiakeran trantsizioaren inguruko gogoeta egiteko.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Eta guk lortu behar dugun saria badakizu zein den? Beste edonolako sariak, teilatupeko sariak arbuiatu gaberik, egiazko literatura gure hizkuntzan sortzea», esan zuen Gabriel Arestik, bere «Zuzenbide debekatua» liburuko bertsoek Lizardi Saria irabazi ez zutelako haserre -Orixek irabazi zuen-. 1961ean aurkeztu zituen bertsoak eta 1986ra arte ez ziren argitaratu. «Oso bertso onak dira baina ziurrenik epaimahaia ez zegoen prestatuta horretarako», berretsi zion Lexo bertsolariak zendu aurretik Fito Rodriguezi.
Orain, gasteiztarrak liburu hura hartu du metafora gisa, trantsizioaren inguruko gogoeta bat egiteko. «Justizia Interditaren Poetika» (Utriusque Vasconiae), Arestik Joxe Azurmendiri gutun baten bitartez adierazi zion moduan, «zuzenbide debekatuaren sinonimoa da», esan zuen Rodriguezek eta Arestiren bertsoak saiakera honen hari narratibo gisa erabili ditu. «Konturatu nintzen 1961. eta 1986. urteen artean bagenuela epe bat gure historia ulertu ahal izateko. Nola? Sekularizazioaren bidez».
Hirurogeiko hamarkadan ia 400 apaiz kartzelatu zituztela gogoratu zuen Rodriguezek eta orduan hasi zela sekularizazio prozesu bat euskal kulturan, aurretik ezagutzen ez zena. «Honek ekarriko du adibidez, euskararen sekularizazioa, eta hor dago Aresti, baina baita ere Txillardegi, ETAren sorrera eta beste hainbat ondorio».
Honenbestez, «kronikei buruzko kronika literarioa» egin duela esan zuen Rodriguezek. «Ez da historia komun bat bilatu behar, baizik eta bakoitzak bere aukerak izatea berea kontatzeko, hau da, adierazpen askatasuna», esan zuen, oraindik ere askatasun horren faltan gaudela gogoratuz.
Arestiren poesian ere trantsizio bat suposatu zuen «Zuzenbide debekatua» lanak, atzo Karmelo Landak gogoratu zuen bezala. «Arestiren poesian itxi gabe dagoen eztabaida da, ea nola gertatzen den bere poesian trantsizio bat, aurreko poesia sinbolista eta askotan metafisikotik, gero poesia soziala deitzen den horretara. Prozesu horretan `Zuzenbide debekatua' oso elementu garrantzitsua da».
Poesia sozial hori egiterako garaian, bertso herrikoien neurrian idatzi zituen. «Gabriel Zelaiak edo Blas de Oterok bezala, ikusten zuen poesia soziala egin beharra zegoela eta bertsolariak hautatu zituen horretarako», esan zuen Rodriguezek.
Saria eman ez ziotenean, ordea, «susmoak hartzen ditu eta Joxe Azurmendiri idazten dio, dimisioa ere aurkezten du poeta ofiziotik», azaldu zuen Landak. «Nik uste dut `Zuzenbide debekatua' dela Arestiren trantsizio propio baten eta esango nuke Euskal Herrian, euskal kulturan, eta euskal gizartean ere burutu nahi den trantsizio baten lehen urratsa», gaineratu zuen.
Trantsizioaren definizioa Jokin Apalategi editoreak zehaztu zuen; bere izaera propioz prozesua dela esan zuen eta ez egoera, eta haustura suposatzen duela. «Bizi eremuko aldaketak izanaz, gizabanakoarengan munduaren irudikapenaren zati batean eragina duten egoerak dira», zehaztu zuen.
Liburuaren azala Fito Rodriguezek berak bere mugikorrarekin ateratako argazki bat da. Genevan bizi zenean, bertan topatu zuen mudantza batean, maniki lerro bat ageri da lurrean. Aurkezpenean, Joxe Migel Argiñarenak kantatu zituen Arestiren bertsoak.