GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Antigona revisited (III)

Behin ez, bitan ehorzten du Antigonak Kreonek traidore izendaturiko neba lehen aldian osabaren soldaduek bere asmoak zapuztu ostean. Kreonek bere legea zergatik hautsi duen galdetuta, Antigonak esaten du lege are garrantzitsuago eta zaharrago bati erantzunez egin duela egindakoa: tradizioak eskatzen du hildakoa ehortzi egin behar dela. Antropologiak ehorzketa errituekin lotu izan du zibilizazioen hasiera, hildakoei errespetua adieraztea gizaki bihurtzen gaituen zerbait izanik. Hala ere, Antigonaren kasuak arazo bat planteatzen du: bere odolkide bat ehorzteko eskubidea ari da defendatzen. Hots, neba zuelako ezin du Polinizesen gorpua aire zabalean usteltzen utzi. Zentzu horretan, familia eta, zentzu orokorrago batean, norberaren gisakotzat («gu»-aren parte, alegia) antzematen den horri (dela auzokoa, dela herrikidea, dela erlijiokidea) onartzen zaio gizatasuna eta ariketa horretan geure gizatasuna (haren gisakoak garelako) aitortzen dugu. Planteamendu horrek, baina, hasieran azaldutako arazora garamatza.

Butlerren planteamenduak berdintasunari keinu egiten dio, baina beste modu batean. Alegia, berak eztabaidaezintzat jotzen duen faktoreak ez du ezberdintasuna alienatzen. Faktore hori zera da, gorputza hilezkorra dela; zauritu eta hil egin daiteke, eta behin gorpu bihurtuta ezin da atzera gorputz bihurtu. Gorpu bilakatzeko prozesuan, gorputzak sufritu egiten du -mina gorputzaren kondizioa da-. Gorputzaren behin-behinekotasunak gizatasuna beste modu batera ulertzera bultzatzen gaitu. Izan ere, ondo ulertzen dugu zer den mina, baina baita bestearen galerak norberarengan sortzen du mina ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo