GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langabeziak ez luke propaganda gai izan behar

Lan Ministerio espainolak emandako datuen arabera, langabeziak behera egin du maiatzean Hego Euskal Herriko herrialde guztietan, Bizkaian izan ezik. Apirilean baino 1.630 langabe gutxiago egotea pozteko moduko albistea da berez; hala ere, eta administrazioek berehala mezu optimistak eta joera aldaketak iragarri badituzte ere, hilabete bateko datuetatik ezin da joera aldaketarik ondorioztatu, are gutxiago urteko garai honetan langabezia tasak behera egiten duela kontuan izanda. Aitzitik, Hego Euskal Herriko datuak kezkatzeko modukoak dira, iazko maiatzean baino gutxiago jaitsi baita langabe kopurua. Gobernuek, ordea, aukerarik txikiena ere baliatzen dute propaganda egiteko, beren politikak zuritzeko. Iazko maiatzean baino 21.000 langabe gehiago daudela, lan erreformen eta gainerako neurrien ondorioz gero eta lan baldintza kaskarragoak eta zerbitzu publiko eskasagoak direla, gutxienez zuhurtzia erakutsi beharko lukete. Areago esandako neurriak direla-eta lan kontratu berriek gero eta baldintza okerragoak biltzen dituztela jakinda. Hori izan beharko luke gobernuen ardura eta ez propaganda, eurak egoera larriaren erantzule ez balira bezala. Erantzukizun handia baitute, eta orain arteko politikak ezartzen segitzen badute, langabeziaren joera aldaketa iritsiko da, bai, are prekarietate handiagoarekin batera baina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo